Azken urteetan, Bergara Igeri Elkartekoentzat ia urteroko hitzordua bilakatu da Gipuzkoako Neguko Igeriketa Txapelketa antolatzea. Izan ere, horretarako baldintza egokiak betetzen dituen igerileku bakarrenetakoa da, Tolosakoarekin eta Irungoarekin batera. Unai Alberdi elkarteko presidenteak azaldu duenez, bi baldintza dira gakoak: igerilekuak dituen kale kopurua eta harmailak. "Oñatikoak, esaterako, errei asko ditu, baina ez du hainbeste ikusle hartzeko gaitasunik. Beraz, federazioak eskatzen digu hemen antolatzeko".
Alberdik nabarmendu du jende asko behar izaten dutela txapelketa ondo joan dadin. "Igerilekuak hamar kale ditu eta bakoitzean bi pertsona egon behar izaten dira denborak hartzen. Hori dela eta, jardunaldi bakoitzeko 25 pertsona behar izaten ditugu, guztira 100 bat, nahiz eta batzuek errepikatu egiten duten. Lau jardunaldi ditu txapelketak; zapatu goiza, zapatu arratsaldea, domeka goiza eta domeka arratsaldea".
Bergara Igeri Elkarteko Agus Heisek gaineratu du txapelketaren aurretik zein txapelketan bertan egin behar izaten dutela lan. "Urte dezente daramatzagu eta nahiko menperatuta dugu, baina lan asko dakar halako ekitaldi bat antolatzeak. Markagailuak, aulkiak, podiuma eta bestelakoak gure ardurapean daude eta, era berean, boluntarioak aurkitu behar izaten ditugu, Unaik aipatutako lan horiek egiteko. Azken batean, gurasoak izaten dira".
Halaber, igerilekua asteburu osoan itxita dago ohiko erabiltzaileentzat eta hori ere aintzat hartu du Heisek. "Hori dela eta, Udalaren elkarlana asko eskertzen dugu, ez baita erraza igerilekua bi egunez itxita izatea".
Emaitzei dagokienez, Bergara Igeri Elkarteko entrenatzaile Asier Perezek eta Aloña Mendiko entrenatzaile Josune Odriozolak ontzat eman dute haien igerilariek lortutakoa –bideoan ikusgai–.
Martxoan, kluben arteko kopa
Neguko txapelketaz gain, Gipuzkoako kluben arteko kopa ere hartuko du Agorrosinek, martxo bukaeran. "Ordurako ere, boluntarioak beharko ditugu eta hain denbora gutxian izanik, gehiago kostako zaigu. Edozelan ere, beti lortzen dugu jendea eta hori ere eskertzekoa da".