"Galdu arren, fasea Bergaran jokatzea izugarria izan da" adierazi du Bergarako jokalari Paule Kalboetxeagak Elgoibarren aurkako porrotaren atarian (24-27). Izan ere, Labegaraietako harmailak beteta egon dira asteburu osoan, eta azkenengo partidurako guztia erabakita egon arren, zaleek ez diote animatzeari utzi. Errotabarri taldeak lortu du igoera, hiru partiduak irabazita; bigarren postuan bukatu du Elgoibarrek, bi garaipenekin; hirugarrenean Bergarak, garaipen bakarrarekin; eta azken postuan Ereintzak, garaipenik lortu gabe. Hauek izan dira asteburuko partiduetako emaitzak:
- Errotabarri 34 - 20 Bergara
- Ereintza 37 - 42 Elgoibar
- Ereintza 18 - 27 Bergara
- Elgoibar 20 - 39 Errotabarri
- Errotabarri 32 - 19 Ereintza
- Bergara 24 - 27 Elgoibar
Errotabarri garaiezin
Asier Eguren Bergarako entrenatzaileak onartu du Errotabarri taldea "besteak baino maila bat gorago" egon dela, eta "merezitako" igoera lortu dutela. Gainontzeko hiru taldeak "maila antzekoa" izan dutela adierazi du, eta pozik gelditu da bergararra taldeak egindakoarekin: "Partidu onak egin ditugu; atzokoa oso ona izan zen, eta irabazi egin genuen, asko gozatuta, gainera. Gaurko partidua ere antzekoa izan da; bi taldeak nahiko parekatuta ibili gara, baina eurek lortu dute garaipena".
Aurrerantzean, Gipuzkoako mailan
Euskal Ligan jokatzeko txartela lortu ez dutenez, Gipuzkoako txapelketan lehiatzen jarraituko dute bergararrek. Egurenek adierazi du igoera ez lortzea "pena bat" izan den arren, txapelketa berriari ekiteko "gogotsu" daudela.