Hasi den moduan amaitu da Bergararen eta Tolosaren artekoa Agorrosingo berdegunean. Iker Ruiz de Larramendik zuzentzen duen taldea gehiago izan da, oro har, baina ezin izan du garaipenerako beharrezkoa zen gola sartu. Lehen zatia orekatua izan da eta oso gol aukera gutxi izan dituzte bi taldeek. Aukera bakarra etxeko taldeak izan du, nahiko garbia, gainera, baina bergararrek ezin izan dute baloia sareratu.
Bigarren zatian ere nagusi izan dira bergararrak eta, aukera garbirik sortu ez badute ere, ekimena haiena izan da. Azken minutuetan, penalti argi bati esker, hamaika metroko jaurtiketa izan dute Ruiz de Larramendirenek, baina Tolosako atezainak bikain desbideratu du bergararren jaurtiketa. Minutu gutxira, korner batean, gola egiteko zorian izan dira etxekoak, baina burukada kanpora joan zaie, gutxigatik.
Oier Ugalde kapitainak aitortu du zapore gazi-gozoa utzi diela puntu bakarra lortu izanak. "Pena izan da. Lehen zatia orekata izan da, baina bigarren zatian garbi ikusi da, jokatzeko eragatik, ekimena gurea izan dela. Penaltia ere izan dugu, baina ezin izan dugu golik egin. Hiru puntuak gura genituen, baina berdinketarekin konformatu beharko dugu, eta datozen partiduetan zentratu, sailkapeneko goiko postuei alde egiten ez uzteko".
Beste bi berdinketa
Kategoria berean, Aloña Mendik emaitza bera lortu du Zumaiakoren zelaian (0-0) eta Mondrak ere puntu bat eskuratu du Elgoibar aurkari zuzenaren aurka, Mojategin (1-1).