Oztoporik ez! kolektiboak urteko lehengo kontzertuak antolatu ditu gaurko. Gernikako Mikosis eta Iruñeko Hiuzz taldeak dira urteko lehen gonbidatuak, eta argia ikusi berri duten bi disko aurkeztuko dituzte, 22:00etan hasita, kartzela zaharrean. Sarrerak zortzi euro balio du.
Mikosis Gernikako rock taldea da, eta post-punketik eta musika alternatibotik ere badu euren musikak. Argitaratu berri duten Kontrol barik diskoa da euren lehen lana, eta horixe aurkeztuko dute kartzela zaharrean. Antolatzaileek adierazi dutenez, "hirukoteak zuzenean eskaintzeko daukan potentziala eta dinamismoa dabiltza inguruko hainbat gaztetxe eta txokotan oholtzaratzen".
Hiuzz, berriz, 2021ean Iruñean sortutako hirukote bat da, eta pop-rockaren bueltan sortzen dituzte abestiak, "melodia argi eta soinu zikinak landuz". Esperoan da kaleratu duten azken proiektua, eta euren ibilbideko lehendabiziko lan luzea da.