Bergarako Buztinzale Elkarteak, urtero moduan, erakusketa jarri du Aroztegin, urtean egin dituzten lanak herritarrei erakusteko, eta domekara arte egongo da ikusgai, honako ordutegi honetan: gaur, 18:00-20:30; bihar 12:00-14:00 eta 18:00-20:30; eta etzi, 12:00-14:00. Hala, elkarteko hamabost kideren 30 lan inguru ikus daitezke; batik bat, tornuarekin egindako lanak –katiluak, platerak...– eta eskulturak.
Buztin-motei dagokienez, Buztinzale Elkarteko kide Alicia Garciak adierazi du tornurako gehien erabiltzen dena buztin gorria dela, merkeena delako. Alabaina, eskulturen kasuan, txamota duen buztina izaten da, errazagoa baita moldatzeko, eta, erakusketan ikus daitekeenaren arabera, gehienak zuriak eta beltzak dira. Horren gaineko azalpena eman du; izan ere, bi modu daude buztinarekin egindako lanak egosteko: labe baxua –tenperatura baxuan egosten duena– eta labe altua –tenperatura altuan egosten duena–. "Labe baxuan buztin gorria egosten da; tenperatura altuan buztina lehertu ez dadin, txamotarekin nahasten da", azaldu du.
Alicia Garciak aurreratu du "maila oso ezberdinetako" lanak ikus daitezkeela: "Batzuek urteak daramatzate buztingintzan, eta maila handia daukate; beste batzuk, berriz, duela gutxi hasi dira, eta igartzen da".
38 kide elkartean
40 urte baino gehiago daramatza Bergarako Buztinzale Elkarteak, eta egoera aldatu egin dela dio Garciak, garai batean ez baitzegoen "ia-ia bazkiderik", eta "orain booma" izan duela uste du. Iaz antolatu zuten tailerrean jende askok eman zuela izena adierazi du. Gaur egun, 38 kide dira elkartean: "Herrian interes berezia daukan arloa da, baina asko, izena eman arren, ez dira etortzen. Norbera nahi duenean joaten da. Askotan, bakarrik etortzen gara, eta, azkenean, jarraipena izatea ez da horren erraza. Sarritan, gainera, ez dago mugimendu handirik".
Zabalotegin Bergarako Udalaren lokalean elkartzen dira, eta "arazoekin" dabiltzala adierazi du Garciak, labe bat matxuratu egin baitzaie. Dena den, berria erostekotan dira.
Dagoeneko 38 kide izan arren, jende gehiago hartzeko ateak zabalik dituzte, eta interesa duenak elkarteko kideren batekin harremanetan jarri behar du: "Gugana etorri eta izena eman dezala. Ditugun baliabideak, lokala eta arauak erakutsiko dizkiogu, eta aurrera. Ez dago beste filtrorik. Urtean 65 euroko kuota daukagu".