Azaroan ideia zena errealitate bilakatuko da domeka goizean; izan ere, Bergarako Neska Eskalatzaileen I. Topaketa egingo dute Labegaraietako rokodromoan. 16 urtetik gorako emakume eskalatzaile bergararrei zuzenduta dago. Maddi Mujika eta Jone Agirrezabal dira antolatzaileetako bi, eta biek adierazi dute urtean zehar antolatzen diren bi eskalada-topaketetan –Mokoloblok eta rokodromoko topaketa– "oso neska gutxi" agertu izan direla beti. "Herri mailako azken topaketan ez zuen emakume batek berak ere parte hartu", azpimarratu du Mujikak.
Arrazoiak zeintzuk izan zitezkeen taldean hausnartzen hasi, eta hainbat arrazoirekin egin zuten topo, baina atera zuten ondorioetako bat izan zen Bergarako emakume eskalatzaileen artean gutxik ikusten dutela euren burua halako formatu batean. Horregatik, "oztopoak" identifikatu eta beste formatu bateko topaketa antolatzea erabaki zuten, "parte hartzaileak eroso egon zitezen espazioa sortuta eta guk geure buruarekiko dauzkagun hainbat aurreiritzi apurtzeko erraztasunak jarrita".
Bergarako Udalak emakumeen eta kirolaren arteko gaiari eutsi dio, eta, testuinguru horretan, Pol-Pol mendi elkartearen izenpean zabaldu dute domekako proposamena.
Helburu nagusiak
Jolas giroan Bergarako emakume eskalatzaileen harremanak sendotzea, komunitatea indartzea eta herriko eskalatzaileen artean emakumezko erreferenteak ere badirela ikusarazi nahi dute ekimenarekin. Agirrezabalen iritziz, askotan ikusi dute emakumeen profila indartzeko beharra eskaladan, eta horren atzean, besteak beste, emakumeen irudia, kirolarekiko jarrera eta ziur ez sentitzea egon daitezkeela dio. Egoera horiei buelta ematen hasteko aukera egoki ikusi dute topaketa.
"Herri mailako topaketetako emakumeon parte hartzea txikia izanik, Bergaran emakume eskalatzailerik ez dagoela eman dezake, eta hori hausteko modu aproposa iruditu zaigu domekako jaia antolatzea. Ideia horri forma eman ahala eta hausnarketarako aprobetxatuz, indibidualak ziruditen testigantza asko partekatzen ditugula ohartu gara", gehitu du Mujikak.
Goiz-pasa rokodromoan
"Jai" moduan planteatu dute antolatzaileek domekako topaketa. 10:00etarako egin dute elkartzeko deialdia, eta 10:30ean hasiko dute topaketa. Rokodromoan "zintzilikatu" aurretik, beroketak egingo dituzte, eta horren ostean hasiko dira, taldeetan, antolatzaileek prestatu dituzten eskaladako ariketak praktikatzen. Goiza rokodromoan pasa ostean, luntxa egingo dute, eta antolakuntzakoek partaideei eskatu diete jateko zerbait eramateko.
Maila ez da aitzakia
Antolatzaileek adierazi dute asko beldur direla duten mailagatik, baina argi utzi dute ez dabiltzala eskalatzaile profesionalen bila: "Goiz pasa hori ez da txapelketa bat izango, elkar ezagutzeko aitzakia baizik, eta maila guztietako eskalatzaileentzako saltsa egongo da. Guk guretako antolatutako jaia da, eta erronkak asmatuko dituen taldea parte-hartzaileen profil antzekoa izango da".
Izen-ematea zabalik dago
Bihar itxiko dute izen-ematea, baina dagoeneko 35 emakumek eman dute izena. Zalantza zeukaten hogei lagunera iritsiko ote ziren, baina Mujikak aurreratu du izen-ematea zabaldu eta bi egunean hogei eskalatzaile bazirela: "Orduan ohartu ginen jendeak zeukan interesaz, eta 30-40 bitarte izan gintezkeela pentsatu genuen". Horren harira, Agirrezabalek nabarmendu du argi geratu dela herrian uste dutena baino neska eskalatzaile gehiago daudela.
Hain zuzen, Agorrosinen, rokodromoan edo horretarako prestatu duten galdetegian webgunean eman daiteke izena. Dena den, aurreratu dute domekan izenik eman ez duen inor agertzen bada ez dutela kanpoan utziko, baina antolatzaileen lana zailduko lukeela: "Asko eskertuko genuke aurrez izena ematea".
Jarraipena datozen asteetan
Kontziente dira eskalada probatu edo horretan hasi nahi dutenak kanpo geratzen direla, eta, horregatik, haiendako lau saio antolatu dituzte otsaileko eta martxoko asteburuetarako: "Inoiz eskalatu ez duten emakumeentzako aukera izango da. Baita euren kabuz eskalatu baino taldean trebatu nahiago dutenentzat". Agirrezabalek uste du emakumeendako saioak bakarrik izanda "bestela animatuko ez litzatekeen jendea animatuko dela, eta inguru seguru eta polita sortu daitekeela".
Alabaina, bigarren edizioaz galdetuta, atea zabalik utzi dute. Mujikaren ustez, behar batetik sortutako topaketa denez, behar hori dagoen bitartean eutsi egin behar litzaioke: "Domekako eta hurrengo topaketen ostean egin beharreko hausnarketa izango da, eta jendearen interes eta konpromisoak ere zeresan handia izango du". Agirrezabalek espero du egitea: "Gure artean elkartu, eskalatzaile berriak ezagutu eta komunitatea ahalduntzeko aitzakia ona da".