Gipuzkoako Neguko Igeriketa Txapelketa jokatuko dute, zapatuan eta domekan, Agorrosingo igerilekuan, infantil, junior eta absolutu mailetako 200 igerilarik. Bi egunetan, goizez 10:00etan hasita eta arratsaldez 16:30ean hasita izango dira jardunaldiak.
Bergarako 24 igerilariez gain, Oñatitik, Irundik, Azkoititik, Azpeititik, Legazpitik, Eibartik, Hernanitik, Lasartetik eta Donostiatik etorriko dira. Bergarako igerilarien helburua da norbere markak hobetzea, Euskal Herriko eta, ahalko balitz, Espainiako txapelketarako sailkatzeko. Ane Alberdi da horietako bat, eta duela pare bat aste GOIENAri adierazi zion crawl eta bizkar modalitateetako 100 metrokoan Espainiarako gutxieneko marka lortzea dela haren helburua; 50 metrokoan badu gutxieneko marka hiru modalitateetan.