Joan den asteburuan jokatu du Goizper BKEk Gipuzkoako Txapelketaren garaipena eman dien partidua. Lehenak ziren sailkapenean, baina Irungo taldea zegoen bigarren postuan, bi puntura. Gainera, irundarrek irabazten bazuten, puntuz berdinduta geratuko lirateke bergararrekin eta haiendako izango litzateke Gipuzkoako Txapelketa. Dena den, Bergara nagusitu zen, eta horrenbestez, lau puntu gehiagorekin amaitu dute Txapelketa.
Hala, Bergarako Eskubaloi Sailetik aurreratu dutenez, bergararrak "oso sendo" sartu ziren partiduan eta 0-4ko partzialarekin hasi ziren, "batez ere, defentsako lanari esker". Hortik aurrera, Irungo taldeak presioa sartu, eta markagailuan gerturatzen joan ziren. Dena den, atsedenaldia bi gol aurretik iritsi zen Goizper BKE (9-11).
"Bigarren zati hasiera lehen zatikoaren antzerakoa izan zen, bergararren defentsa oso ona eta iruindarrak erasoan ezin asmatu. Horrela bigarren zatiko 10. minutuan bergararrek 6 goleko errenta zuten. Berriro ere iruindarrak markagailuan estutzen joan ziren gutxinaka baina inoiz ez zuten aurre hartzea lortu, bi goleko diferentzia ezin superatu aritu ziren eta horrela, 23-26 amaitu zen partidua", azaldu dute Eskubaloi Sailetik. Gainera, Mara Aranes Albisua jokalariaren erasoko lana nabarmendu dute, 12 gol sartu baitzituen.
Garaipenak senior mailako taldeendako
Senior mailako emakumeek garaipena eskuratu zuten Ligako azken jardunaldian Munttarperen kontra gol bateko aldeagatik (24-23). Azken postuan, baina, "oso sentsazio onekin" bukatu dute denboraldia.
Senion mailako gizonezkoek ere Urnietaren kontrako norgehiagoka irabazi zuten 21-19. Garaipen horrekin, seigarrenak dira sailkapenean 14 punturekin, eta igoera faserako postuetatik gertu mantendu nahi dute.
Asteburuko emaitzak
Hauek izan dira Bergarako eskubaloi taldeek lortu dituzten emaitzak:
- Senior neskak: Mondragon Lingua BKE 24-23 Munttarpe Kaialde
- Senior mutilak: Soraluze BKE 21-19 Urnieta Artola Harategia
- Senior mutilak: Txingudi Goser 25-27 Erreka BKE
- Jubenil neskak: ID Trans Bidasoa Irun 23-26 Goizper BKE
- Jubenil mutilak: Atmosfera BKE 25-33 Karibe Zaharra
- Kadete neskak: Egia Ordizi Taberna 23-14 Bergara KE
- Infantil neskak: Royde BKE 28-16 Leizaran Urkabe
- Infantil mutilak: La Salle Legazpi 42-25 Bergara KE