K-PO, Publikoaren Saria: "Irudiak lagundu egiten du, baina abesti on bat behar du oinarrian"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2025ko urt. 24a, 09:36

Chadi Aiastui da K-PO proiektuko buru; irudian, Publikoaren Sariarekin.

Chadi Aiastui gidari duen K-PO proposamenak jaso du babes gehien publikoaren partetik, 295 boto. Horri esker bideoklip bat grabatu ahalko du: "Mila esker denoi!".

Publikoaren Saria irabazi du K-PO proiektuaren atzean dagoen Chadi Aiastuik (Casablanca, Maroko, 1998). 1.890 boto jaso dira guztira eta horietatik 295 eskuratu zituen musikari bergararrak, botoen %15,6. Publikoaren botoei dagokienez, Malko izan da bigarrena (227 boto, %12) eta Sotoalde hirugarrena (173 boto, %9,2). Aiastui oso eskertuta dago publikoaren partetik jaso duen babesagatik.

K-PO izan da publikoaren partetik boto gehien jaso dituen proposamena; nola baloratzen duzu?

Oso pozik eta eskertuta nago. Hasieran ez nuen espero zerrendan goiko postuetan egongo nintzenik, eta, ikusi nuenean aukerak izan ahalko nituela saria irabazteko, ahalegin berezia egin dut ahalik eta boto gehien pilatzeko. Rankingari astero egin diot jarraipena, eta izugarri poztu nintzen antolakuntzatik ziurtatu zidatenean ni nintzela boto gehien jaso nituena. Sari banaketan ere esan nuen: mila esker denoi!

"Hamar bat lagun daude, gutxienez, K-POren atzetik; bidelagun izan ditut Danbakan ere"

Kanpaina eraginkorra egin duzu.

Bai, eragin dudala esan daiteke. Lanean, kuadrillan eta Bergara Kirol Elkarteko futbol sailean aritu naiz, bereziki, boto eske; botoa eskatu dut, baina beste kontu bat da jasotzea, eta horrekin oso pozik nago. K-PO ez zara zu bakarrik, ezta? Ni naiz Danbakan abestu duena eta Publikoaren Saria jaso duena, baina K-POren atzetik hamar bat lagun badaude, gutxienez. Ekoizlea, beti ondoan ditudan kolaboratzaileak, Sotoaldeko lagunak... Hasieratik izan ditut ondoan eta Danbakan, bereziki, elkarlanean prestatu ditugu kontzertuak; lagun horiek guztiek barik K-PO ez litzateke existituko. Doakiela hemendik besarkada bana, saria zuena ere bada eta!

Bideoklipa grabatu behar dizugu aurten; baduzu ideiarik? Ezer aurreratzeko moduan?

Pare bat proiektu martxan ditugu, eta horiek bukatzea izango da orain lehentasuna. Gero, ikuspegi orokorragoa dugunean, hasiko naiz buruan ditudan ideiei nola forma eman pentsatzen.

Musika urbanoak bereziki edaten du iruditik, ala? Ze iritzi duzu?

Irudiak asko laguntzen du, bai. Baina uste dut musikaren oinarria abesti on bat sortzea dela, eta gero, irudiekin janztea. Baina ordenak hori izan behar du: lehenengo, abesti on bat sortu, eta gero, nahi bada, irudiekin osatu. Publiko gehiagorengana heltzeko aukera ere ematen du; Spotifyn konturik ez dutenak edo irratia entzuteko ohiturarik ez dutenak, esaterako.

Amaitu da Danbaka; nola bizi izan duzu ekimena bera?

Finala itzela izan zen; taldeen mailagatik eta zegoen tentsioagatik nabari zen finala zela. Danbaka izugarria izan da, ekimen ederra. Lantalde osoa zoriondu nahiko nuke, lan itzela egin duzue eta!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak