Malko, Sari Nagusia: "Presioak presio, finalean izugarri gozatu genuen"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2025ko urt. 24a, 09:18

Malko taldeko Anje Maiztegi, Ander Igartua, Unai Izura, Maddi Arlanzon eta Unai Agirre, Sari Nagusiarekin.

Kanporaketako lehen kontzertua maila gorenera eraman zuen finalean Oñatiko taldeak, eta merezita irabazi: "Disko berria uda partean grabatzeko asmoa dugu".

Danbakaren finalak aldez aurretik faboritorik bazuen, talde hori Malko zen. Gaztea Maketa Lehiaketa irabazita eta Danbakako lehen gauean sentsazio bereziki onak utzita, presio-puntu bat bazuen boskoteak. Presio hori ezin hobeto kudeatuta, zuzeneko borobila egin zuten; epaimahaiak aho batez izendatu zuen Malko Danbakako irabazle, seigarren edizio honetako zuzeneko borobilena egin duen taldea izan dela iritzita. Taldeko baxu-jole Unai Izura (Oñati, 2004) luze eta zabal aritu da finalaz asteon, Danbakast saioan.

Pasatu dira egun batzuk final handitik... Ze aho-zaporerekin zaudete?

Oso zapore gozoarekin gaude, erabat barneratu gabe oraindik. Saria oso potoloa da eta horrek ardura-puntu bat ere ematen du; abesti berriak sortu behar ditugu, baina gogotsu gaude erronkari heltzeko. Gure finaleko kontzertua kanporaketakoa baino hobea izan zen, zentzu guztietan. Ondo entseatuta heldu ginen eta hobeto jo genuen, soinua barrutik hobea izan zen... Asko gozatu genuen. Bi kontzertu geratu zaizkigu ederto grabatuta eta soinu kalitate onarekin, horrek ez dauka preziorik. Finalaren egunera arte ez ginen bereziki urduri jarri, baina soinu probei ekitean... orduan bai igarri genituela tximeletak sabelean. Zuzenekoa hasi eta berehala lasaitu ginen, gozatzea genuelako helburu. Publikoaren babesa hasieratik igarri genuen, Oñatiko jende asko batu zen eta; batetik lagungarri da baina, bestetik, presioa areagotu ere egin dezake. Izan ere, gure abestiak ezagutzen dituzte eta akatsen bat egon izan balitz berehala konturatuko ziren... Egia esan, baina, ederto jo genuen. Horretan zerikusi zuzena du azken hilabeteak oso biziak izan direla Malkorentzat.

"Ondo entseatuta heldu ginenez, lehen gauean baino hobeto jo genuen, zentzu guztietan"

Danbaka jarraitu dutenetako askorentzat faborito zineten; igarri zenuten presiorik?

Bai eta ez. Gaztea Maketa Lehiaketa irabaztea handia izan zen, eta presio hori bazegoen. Baina, era berean, Danbaka aurretik sari bat irabazi izana ere lasaigarri moduan hartu genuen. Ez genuen uste biak irabaziko genituenik.

Ordu erdi beharrean, 40 minutu; eskertu zenuten?

Bai. Bi abesti gehiago prestatu genituen eta horietatik bat berria izan zen; finalean zerbait berria eskaini nahi genuen. Eta bai, eskertu genuen hamar minutu gehiago jo ahal izatea, lasaiago aritu ginen.

Ze aurreratu dezakezue disko berritik? Abesti berriak gertu?

Finalean jotako abestiaz gain beste abesti bat erdi bukatuta dago, eta gainerakoak sortu egin behar ditugu. Helburua da zazpi edo zortzi abestiz osatutako disko bat kaleratzea. Kontzertu proposamenak ere heldu zaizkigu, eta horiek prestatzeko entseguak baliatuko ditugu abesti berriak ere konposatzen joateko.

Erabakita duzue disko berria non eta noiz grabatuko duzuen?

Aurreko diskoarekin egin bezala, Haritz Harreguyren estudioan grabatuko dugu disko berria, Usurbilen. Uda partean grabatu nahiko genuke, eta gero, ikusiko dugu urteko ze sasoitan argitaratuko dugun; hori etorriko da, hartu beharreko azken erabakia izango da. Horren aurretik, baina, Eltziako lokalean sartu beharko dugu, zazpi edo zortzi abesti berri horiek sortu eta grabatzera goazenerako dena gertu izateko. Badugu lana, baina gustuko lekuan aldaparik ez...

"Disko berria ere Haritz Harreguy-rekin grabatu nahi dugu; aurretik, baina, badugu lana"

Gaztea Maketa Lehiaketa irabazten duenak aukera izaten du BBK Live jaialdian jotzeko; barneratu duzue hori? Berezia izango da, ala?

Zalantza barik, oso gogotsu gaude. Sekulako ekipoa egongo da, baldintza onenetan jotzeko pribilegioa izango dugu. Halako jaialdi batean askotariko jendea elkartu ohi da, gainera, eta ziur erakusleiho ederra izango dela Malko ezagutzera emateko.

Lehiaketa izan da, baina taldeen artean ez da lehia gordinik izan, ala? Nola bizi izan duzue zuek?

Guri tokatu zaizkigun bi kontzertuetan, behintzat, sekulako giroa izan dugu taldeen artean, soinu probetatik hasi eta kontzertua bukatu ostera arte. Gainera, afaltzen ederto eman digute eta mahaiaren bueltan talde berriak ezagutzeko aukera izan dugu. Oso gustura egon gara. Horrez gain, azpimarratu nahiko genuke Danbakako lantaldearen partetik jaso dugun tratua eta egin duzuen lan guztia. Sekulako ekimena da, eta gu, behintzat, Seminarixoan egon garen gauetan azpimarratzekoa izan da antolakuntzaren lana. Gainera, kanporaketako zein finaleko oroitzapen ederrez gain, etxera eramango ditugu gure bi zuzeneko, irudi eta soinu aldetik kalitate onean grabatuta... Ezin dugu askoz gehiagorik eskatu. Zorionak lantaldeari, eta eskerrik asko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak