Gogotsu ekin dio urte berriari Bergarako No Limits taldeak, kaleratu berri duen Norantza aurkitu nahian izenburu duen diskoa zuzenean aurkezteko hainbat data iragarrita. Lehen geltokia bihar izango dute, hilak 25, etxean, kartzela zaharrean. Aurrez Aurre taldearekin eta aldez aurretik iragarri nahi ez duten talde sorpresa batekin osatu dute kartela.
Bizipenei idatzi diete
Bost kidek osatzen dute No Limits taldea: Gorka Azkargorta (abeslaria), Erik Herran (baxu-jolea) Jon Maiztegi (gitarra-jolea), Oier Jauregi (gitarra-jolea) eta Ibon Muniategiandikoetxea (bateria-jolea). Zortzi abesti ditu kaleratu berri duten diskoak, eta orain arte kaleratu dituzten abestiekin alderatuta melodikoagoa da doinu aldetik, baina ilunagoa eta tristeagoa hitzei dagokienez, Herranen arabera: "Bizipenei idatzi diegu, bereziki une txarrenetan egon garenean idatzi ditugulako. Bizipen gogorrek eragindako minetik idatzi dugu, gauzak ez dira-eta umetan irakatsi zizkiguten bezala, inondik inora".
Melodiakoago datoz abesti berriak doinu aldetik, baina ilunago hitzei dagokienez
Sarrera ona espero dute bihar
Diskoaren izenburua abesti bateko letra batetik sortu dute: "Ez da pentsatu genuen lehen izenburua, baina diskoaren mezua borobiltzera dator. Norantza aurkitu nahian ari gara-eta, hein handi batean, gure bizitzetan". Bihar, hilak 25, egingo dute diskoa aurkezteko lehen kontzertua, etxetzat duten kartzela zaharrean: "Oso gogotsu gaude zapatuko kontzertura begira, zita handien aurreko urduritasun-puntu berezi horrekin. Abesti berriak joko ditugu, eta hori beti da berezia. Ziur gaude gertukoek ez dutela hutsik egingo, eta horrekin bakarrik badakigu ederto pasatuko dugula. Sarreren erdiak lehen eguenean saldu ziren; espero dugu jendea etorriko dela eta giro beroa izango dugula. Talde sorpresa bat ere badago...".
Hain zuzen ere, "beti" hor daudenei eskerrak emateko baliatu du GOIENAren deia Herranek: "No Limits hasi zenetik babesa sentitu dugu, eta eskerrak eman nahi dizkiegu beti hor daudenei, izan kontzertuetan, izan diskoak grabatzeko laguntzen edota izan beste edozein lanetan. Jarrai dezagun kaleko musika entzuten eta mugimendu hau bultzatzen".
Diskoaren salmenta-puntuak
Haritz Harreguyren estudioan grabatu dute diskoa, hainbat kolaboraziorekin. Bereziki koruetan hainbat lagunek hartu dute parte, eta, horrez gain, Beasaingo Aurrez Aurre taldeko Txotxi-k abesti baten zati bat ere abestu du. Diskoa salgai dago dagoeneko, hamar eurotan: Bergarako Arrano tabernan, Arrasateko Basati tabernan, Oñatiko Arranon, Elorrioko Portalekun, Iruñeko Aitzina tabernan eta Tafallako Pasadizon.
Zuzeneko kontzertuak
Diskoa zuzenean aurkezteko hitzorduei dagokienez, lotuta dituzte dagoeneko zenbait kontzertu, biharkoaz gain: otsailaren 8an, Elgetako Mendi Mendia Racing jaialdiaren zazpigarren edizioaren barruan joko dute, Babesgabe, Banana Shake eta Nafarroa 1512 taldeekin batera; otsailaren 22an, Otxandion; martxoaren 15ean, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan joko dute, Añuberekin eta Brigade Locorekin batera; martxoaren 22an, Orion; martxoaren 29an, Antzuolako gaztetxean joko dute, Klobber eta Txakurrak taldeekin; apirilaren 5ean, Azkoitian; maiatzaren 30ean, Beasainen; maiatzaren 31n, Bergarako Labegaraieta auzoan egingo den Ekinez jaialdian; eta uztailaren 4an, Elgetako jaietan.