Bergarako Neska Eskalatzaileen I. Topaketa egingo dute otsailaren 2an

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko urt. 22a, 11:27

Emakume bat eskalatzen Labegaraietako rokodromoan. (Argazkia: GOIENA).

16 urtetik gorako Bergarako emakume eskalatzaileei zuzenduta dago Labegaraietako rokodromoan egingo den topaketa. Helburua da jolas giroan elkarren arteko harremanak sendotu eta komunitatea indartzea eta horrekin batera, herriko eskalatzaileen artean erreferente femeninoak ere badaudela ikusaraztea.

Otsailaren 2an, domeka, egingo dute Bergarako Neska Eskalatzaileen I. Topaketa Labegaraietako rokodromoan, 10:00etan hasita. Ordu horretan elkartuko dira, eta ordu erdi beranduago beroketak egingo dituzte. Antolatzaileek aurreratu dute panel ezberdinetan dauden erronkak –boulderrak– gauzatzeko tartea egongo dela eta jolasean arituko direla musikak lagunduta "gorputzak uzten digun artean, edo 13:30ak arte, behintzat". Ondoren, pikoteoa egingo dute norberak zerbait ekarri eta denen artean partekatuta.

16 urtetik gorako emakume eskalatzaileei zuzendutako saioa izango da eta parte hartzeko, beharrezkoa da izena ematea rokodromoan, Agorrosinen edo Google galdetegiaren bitartez. "Eskalatzailea bazara eta hau irakurritakoan interesa piztu bazaizu, agertu zaitez! Zalantzekin etortzen bazara ere, taldean edo zeure kontu esku zabalik hartuko zaitugu, seguru primeran pasako duzula", gaineratu dute. 

Maila ez da aitzakia

Antolatzaileek adierazi dute askok mailaren beldurra agertu duela, baina argi utzi dute ez dabiltzala eskalatazile profesionalen bila: "Goiz pasa hau ez da txapelketa bat izango, elkar ezagutzeko aitzakia baizik, eta maila guztietako eskalatzaileentzako saltsa egongo da. Guk guretako antolatutako jaia da, eta erronkak asmatuko dituen taldea parte hartzaileen profil beretsukoa izango da".

Topaketaren helburuetako bat da Bergarako emakume eskalatzaileen artean saretzea eta harremanak indartuz, elkarrekin eskalatzzeko dituzten aukerak areagotzea. Horri gehituta, herrian emakume eskalatzaile erreferenteak ere badaudela erakutsi nahi dute.

Eskalada saioak

Aurreratu dute, eskalada probatzea nahi duten Bergarako emakumeendako ere aukera zabalduko dutela lehenengo aldiz probatzeko saioak antolatuta: "Kontziente gara emakumeok kirolarekiko dugun harremana eskalatzaile taldetik haratago doan kontua dela. Hau honela, eskalada probatzea nahi duten Bergarako emakumeentzako ere aukera zabalduko dugu: udalaren eskutik etorritako proposamenari heldu eta eskaladan trebatzeko zein jarduera hau lehenengo aldiz probatzeko saioak antolatuko ditugu".

Ikastaro horiek ere 16 urtetik gorako emakumeendako izango dira otsaileko eta martxoko asteburuetan, bi astean behineko maiztasunarekin, gutxi gorabehera. Saio horietan hurrengo saioetako deialdiak egingo dituzte, eta izena ematea beharrezkoa izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak