58 gutun eta 35 esaldi jaso dituzte Bergarako Amodiozko Gutunen eta Esaldien 33. Lehiaketan

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko urt. 13a, 15:50

Iazko lehiaketako irabazleak. (Argazkia: GOIENA).

Lehiaketan parte hartzeko epea amaitu da eta Jardun Euskara Elkarteak balorazio "positiboa" egin du. Sari-banaketa otsailaren 14an izango da, 19:00etan, Irizar Jauregian.

Itxi dute Jardun Euskara Elkarteak antolatutako Bergarako Amodiozko Gutunen eta Esaldien Lehiaketan parte hartzeko epea. 58 gutun aurkeztu dituzte Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroako 39 emakumezkok eta 19 gizonezkok. 25 izan dira parte hartu duten debagoiendarrak; erdiak, 13, Aretxabaletakoak. Horietaz gain, hiru bergararrek, bi arrasatearrek, bi oñatiarrek eta antzuolar, eskoriatzar nahiz gatzagar banak aurkeztu dituzte lanak.

Jardunetik nabarmendu dute partaideen bataz besteko adina 35 urtekoa izan dela. Horri gehitu diete, 26 urtez azpikoetan emakume gehiagok hartu dutela parte gizonezkoek baino, baina 40 urtetik gorakoen kasuan, alderantziz izan dela, gizonezkoak gehiago izan baitira. Hala, 25-45 urte bitartean "oso gutun gutxi" jaso dituzte eta horrek "zer pentsatua" eman dio Jarduni.

Balorazio "positiboa"

Jardun Euskara Elkarteak jasotakoaren balorazio "positiboa" egin du, baina adierazi dute faltan bota dituztela Ipar Euskal Herritik bidalitako gutunak. Dena den, nabarmendu dute eskualdeko "gazte askok" parte hartu duela: "Gazte kategorian gutun kopuru handia jasotzen jarraitzen dugu. Beraz, azpimarratu behar dugu teknologian murgilduta bizi garen garai honetan gazte jendeak idazten jarraitzen duela eta hori pozgarria da". Gutun guztiak posta elektroniko bidez jaso dituzte.

Aurreratu dute gutun kopurua jaitsi bada ere, jende gehiagok hartu duela parte, eta esaldi kopurua mantendu egin dela (35 esaldi jaso dituzte). "Lehiaketako helburuen artean, helburuetako bat parte hartzaile berriek parte hartzea izan da eta helburua lortutzat ematen dugu", azaldu dute.

Sari-banaketa, otsailaren 14an

Ohi duten moduan, otsailaren 14an egingo durte sari-banaketa ekitaldia, Bergarako Irizar Jauregian, 19:00etan.  500 eurokoa izango da lehenengo saria eta 250 eurokoa bigarrena. Horrez gainera, bergarar onenak 150 euro eskuratzeko aukera izango du, eta 1998an edo lehenago jaiotako lanen artean, 150 euroko saria banatuko da. Era berean, iaz moduan,  lehen aldiz parte hartzen dutenen arteko lan onenak ehun euro jasoko ditu.

Epaimahai nagusiari dagokionez, literatura eta kultura bueltako pertsona ezagunek osatzen dute epaimahaia eta aurtengoan honakoek osatuko dute: Mikel Albisu Mikel Antza idazlea, Txuma Murugarren abeslaria, Oihana Iguaran bertsolaria eta Sara Aranburu 2024ko edizioko irabazlea.

Epaimahai gaztea, berriz, 26 urtez azpikoen gutunak irakurri eta iritzia emateaz arduratuko da; esaldirik onena ere eurek aukeratuko dute. Aranzadi ikastolako Maddi Gaztelu, Malen Aranburu eta Ane Ormaetxea nahiz Ipintza Institutuko Beñat Azkarate eta Ariane Igartuak osatuko dute epaimahaia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak