Urtarrileko ekintzak iragarri ditu San Joxepe elkarteak

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko urt. 10a, 11:58

Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioak eskuartean duen Heldugaraia proiektua iritsiko da urtarrilean San Joxepera. Egitasmoaren helburua da jubilazioari lotutako pertsona ezberdinen esperientziak jasotzea, bakardade sentimenduak kudeatu edota murrizten lagunduko duen tresna proposatzeko asmoz. Horretaz gain, mahai-jokoen txapelketak egingo dituzte, eta San Joxepeko koruak Mizpirualde egoitza bisitatuko du.

Asmoz Fundaziotik harremanetan jarri dira San Joxepe elkartearekin Heldugaraia proiektua lantzeko. Aurreko egitasmo batean, jubilazioa aldez aurretik prestatzen dutenek bakardadea sentitzeko aukera gutxiago dutela ondorioztatu zuten eta horretan sakondu nahi dute proiektu honekin. "Antza denez, jubilazioari begira alderdi ekonomikoa aztertzeko ohitura zabaldua dago gizartean, ongizate pertsonala eta soziala alde batera utzita. Hori dela eta, jubilatuta edo jubilatzeko bidean dauden pertsonei begira egin duten prestakuntza aztertu nahi dute", azaldu dute San Joxepe elkartetik.

Horregatik, urtarrilaren 29an elkartuko dira Asmoz Fundazioko kideak San Joxepen ekarpenak egiteko prest dauden bergararrekin. Parte hartzea gura duenak izena eman behar du urtarrilaren 27a baino lehen elkarteko sarreran. Partaideen erantzunen anonimotasuna zainduko da. Azpimarratu dute ekimena Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban zabalduta dagoela.

Mahai-joko txapelketa

Urtarrilaren 13tik 16ra mahai-joko torneoa egongo da martxa San Joxepen eta egun horietan jokatuko dituzte tuteko (hilak 13), museko (hilak 14), briskako (hilak 15) eta dominoko (hilak 16) sailkapen partidak. Hala, urtarrilaren 17an jokatuko dira final guztiak.

Lau lehiakideko gutxieneko kopurua jarri dute joko guztietan, eta aurreratu dute lehenengo eta bigarren postuak lortzen dituztenak sarituko dituztela.

Mizpirualdera bisita

Urtarrilaren 21ean, berriz, San Joxepeko abesbatzak Mizpirualde egoitzan emanaldia eskainiko du 17:00etan hasita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak