2025a urte berezia izango da Brigade Locorentzat, hirugarren diskoa izango den Bide baten esanahia kaleratu eta zuzenean aurkezteko urtea. Eta urte berezi honetako bide bereziaren lehen geltokia gaur izango dute, hilak 10, Seminarixoan (20:00). Izan ere, disko berria hiru bideoklipez osatutako istorio batekin dator, trilogia batekin, eta gaur aurkeztuko dute.
Gertukoenei lehendabizi
Urte eta erdi dela hasi ziren disko berriari forma ematen, taldeko bateria-jole Manex Egañak azaldu duenez: "Buruan ideia bagenuen bideoklip batzuk elkartu eta istorio bat kontatzeko. Pixkanaka forma ematen hasi ginen eta orain dena dugu gertu; istorio bat kontatzera gatoz, bere bizitzako pasarte ezberdinak kontatuko dizkigun protagonista batekin".
Hiru bideoklipak aurrerago egingo dituzte publiko; lehen emanaldia etxean egingo dute
Edukiaren inguruan ez dute askoz gehiago aurreratu nahi izan, gaurko aurkezpeneko espoilerrik ez egiteko. Izan ere, diskoa otsailean kaleratzeko asmoa dute eta gaur Seminarixoan proiektatuko dituzten bideoklipak banaka egingo dituzte publiko urtarrilean eta otsailean zehar; beraz, oraingoz, hiru bideoklipak ikusteko aukera bakarra izango da gaur Seminarixora joatea. Sarrera doakoa izango da, edukiera bete arte. "Aurkezpen txiki bat egingo dugu, eta gero, proiekzioa; ekitaldi laburra izango da. Trilogiaren ekoizpenean parte hartu dutenak ere bertan egongo dira eta labur-labur kontatuko dute prozesua nolakoa izan den".
Ekoizpenean parte hartu duten izen propioen artean honako hauek aipatu behar dira: Beñat Goia, zuzendari lanetan; Gaizka Sarasua, aktorea; Malen Trenado, produkzio-zuzendaria; Jon Corres, argazki-zuzendaria; Nahia Beroiz, arte-zuzendaria eta jantzitegia; Ekaitz Bertiz, gidoilaria; Ekaitz Bertiz, aktore-zuzendaria; Jon Corres, kolorearen arduraduna; eta Beñat Etxebarria Kera, diseinatzailea.
Aurkezpena Seminarixoan antolatu izana ez da kasualitatea: "Trilogia lehendabizi Bergaran aurkeztu nahi genuen, gertukoenen aurrean. Detaile txiki bat izan beti hor egon direnekin. Argi genuen doakoa izango zela aurkezpena, eta, Seminarixoan egiteko aukera irten zenez, aurrera; areto itzela da".
Lan berezia erakusteko gogoz
Brigadetarrak oso gogotsu daude egindakoa erakusteko: "Lan handia egon da atzetik. Orain arteko lan bereziena eta landuena da; zer garen ahaztu gabe, badu kutsu ezberdin bat. Uste dugu nabarituko dela". Honako data hauek iragarri dituzte oraingoz: otsailaren 7an, Londresko New Cross Inn aretoan (Ingalaterra); otsailaren 8an, Derbyko Forever Young jaialdian (Ingalaterra); otsailaren 22an, Iruñeko Totem aretoan; martxoaren 15ean, Gasteizko Jimmy Jazzen; martxoaren 21ean, Zaragozako Lo Intento aretoan (Espainia); martxoaren 22an, Bartzelonako Razzmatazz 2 aretoan (Katalunia); apirilaren 12an, Bilboko Santana 27 aretoan; apirilaren 26an, Madrilgo Mon aretoan (Espainia); eta maiatzaren 10ean, Astigarragako Oialume biltokian.