300 lagun inguru bizi dira Angiozarren eta garraio publikoaren inkestan 68k hartu dute parte –partaidetza %25ekoa izan da–, baina Goimendi eta Asentzio auzoetako erantzunik ez dute jaso. Erantzun dutenek %26,5 izan dira adin-txikikoak; %58,8, 18-65 urte bitartekoak, eta %14,7, 65 urtetik gorakoak.
Herribusa, auzo-taxia eta eskolako autobus zerbitzuak dituzte, baina haien balorazioa egiterako orduan, eskola autobusak soilik "gainditu" du 10etik 5,96 batekin bataz beste. Herribusaren eta auzo-taxiaren balorazioak 5etik beherakoak izan dira; hurrenez hurren, bataz beste, 4,12 eta 4,74.
Garraio moten ondorioak
Angiozartarren %46ak dauka auto pribatua eta lau bidaitik hiru auto partikularrean egiten direla ondorioztatu dute. Adin txikikoen kasuan erantzundakoen %36k erabiltzen du herribusa. "Adin txikikoak dira, datu absolutuetan herribusa gehien erabiltzen dutena. Adin nagusikoak dira, auzo-taxia gehien erabiltzen dutenak", adierazi zuten.
Halaber, emaitzen erabera, erantzundakoen %77ak uste du herribusaren zerbitzua "motz" geratzen dela, premiak asetzeko.
Era berean, mugikortasuna hobetzeko Angiozarko Bailara eta Bergara lotuko dituen bidegorria beharrezkoa ikusten du gehiengoak: 40 lagunek hala irizten diote.
Ordutegiak eskariaren arabera
Gaur gaurkoz, Angiozartik Bergarara jaisteko herribusaren ordutegia honakoa da astelehenetik egubakoitzera: 09:17 (erabiltzaileek nabarmendu zuten zerbitzu hau egubakoitzetan eskaintzen dela soilik); 12:57; 15:32; 17:12, eta 19:42. Bergaratik Angiozarrera igotzeko, berriz, Amillagatik aterata: 09:00; 12:40; 15:15; 16:55; 19:25. Asteburuetan nahiz udan ez dago herribus zerbitzurik Angiozarrera.
Abenduko galdetegian, galdetu zitzaien ea zein ordutegi izango liratekeen egokiak igotzeko nahiz jaisteko, eta ikusi dute kasu batzuetan, eskaera gutxi dauden orduetan dagoela herribus zerbitzua, eta alderantzikoa ere gertatzen dela. Igotzeko kasuan, eskaera gehien jaso dituzte 13:00, 18:00 eta 20:00 orduek. Jaisteko, berriz, 09:00, 16:30, 17:00 eta 18:30.
Eskaerak erakunde publikoei
Bileran jasotakoak eta egindako ekarpenak Bergarako Udalera nahiz Gipuzkoako Foru Aldundira bidaliko dituztela nabarmendu zuten atzoko bileran. Horregatik, egingo dituzten eskaerak izango dira, besteak beste, easteburuetan nahiz udan autobus zerbitzuak mantentzea, galdetegian jasotako ordutegi eskaeretara ordutegia moldatzea, auzotaxi zerbitzua gauez ere ipintzea (eta horiek erabiltzeko baldintzak berrikustea), kaleko auzoan geltoki duin bat jartzea eta zerbitzuaren tarifikazioa Mugi txartelera lotzea.
Horregatik, adierazi zuten dokumentazioa prestatuko dutela datozen egunetan eta Angiozar Bailarako Batzarraren blogean jarriko dutela ikusgai, eta bizilagunen eskaera gehiagorik ez bada, Bergarako Udalera eta Gipuzkoako Foru Aldundira bideratuko dutela eskaera.