Aritzeta abesbatzak, orfeoiak eta orfeoi gazteak, musika bandak eta orkestra sinfonikoak hartu zuten parte atzo, zapatua, iluntzean San Pedro parrokian egin zuten Gabonetako kontzertuan. Bina pieza eskaini zuten lehen hirurek, eta bakarra orkestra sinfonikoak. 20:30ean hasi zen, eta 20:00etarako jende ilara zegoen parrokiaren kanpoan barrura sartzeko. Barruan prest zituzten eserlekuak eta kontzertuaren egitaraua ordurako, eta ordua heldu zenean Aritzeta abesbatzak hartu zuen tokia parrokiako eskaileretan lehen kanta abesteko. Haiek erretiratutakoan orfeoiko eta orfeoi gazteko kideak bete zituzten eskailerak eta haiek bukatzean, eskailerak utzi eta musika bandakoek eta orkestrakoek bete zituzten eurendako jarrita zeuden eserlekuak.
Talde bakoitzak bere piezak eskaini ostean denak elkartu ziren elizaren aurrealdean eta elkarrekin kantatu eta jo zuten Empire of the sun filmeko suitea, Enrike Txurrukak moldatuta.
Entzuleak gertutik eta txalo zaparradekin eskertu zituzten entzundako piezak, baina hasieratik soinean jantzita zituzten neguko txamarra sendoak, bufandak edo eskularruak kendu gabe. Goxatu zuen ordubete pasako egonaldia kontzertuak, baina hotz egiten zuen parrokian.
Talde guztiek batera eskainitako tuttiaren ostean, Gabon kontzertua izanik, Adeste Fideles eta Hator Hator kantuak ere eskaini zituzten denek elkarrekin.