Aurtengo Gabonetan ere egongo da zertaz gozatu Bergarako kaleetan. Hainbat ekintza antolatu ditu Bergarako Udalak, eta horietako gehienak familiei eta haurrei zuzendutakoak dira.
Gutunen bilketa
Beste urte batez, abenduaren 24an helduko dira Olentzero eta Mari Domingi Bergarara etxeko txikienen gutunak jasotzera. Herrigunean 18:00etan jasoko dituzte gutunak, udaletxeko atarian. Halaber, Angiozar eta Osintxu ere bisitatuko dituzte. Angiozarren, goizean, kantuan aterako dira, eta, ondoren, bazkaria egingo dute. Aurten, bi berrikuntza dituzte: batetik, kalean bizi edo zaurgarriak diren familiendako arropa bilduko dute; bestetik, bildutako dirua Zapatari Etxeko egitasmora bideratuko dute.
Halaber, Bolua auzoan domekan ibiliko dira Mari Domingi eta Olentzero, eta 20:00etan jasoko dituzte gutunak. Aurrez, ordea, hainbat ekitaldi antolatu dituzte: 18:00etan Aranerreka goitik frontoiraino egingo dute, kalejira Bergarako Erraldoi Taldearekin eta Musika Eskolako trikitilariekin. 18:30ean, dantzak egingo dituzte, frontoian, eta, ondoren, Musika Eskolako talde instrumentalak Gabon Kantak abestuko ditu.
Ohikoa den Errege Magoen desfilea urtarrilaren 5ean egingo dute, 19:00etan, udal biltegian hasita. Erregeen zain egoteko, txokolate beroa banatuko du San Joxepek, 18:00etan. Elosura ere helduko da Errege Magoen desfilea; 18:00etan izango da.
Gabonetako jolas parkea
Udal Pilotalekua obretan dago, eta, ondorioz, aurten Labegaraietan bakarrik jarriko dute Gabonetako jolas parkea. Urtarrilaren 2tik 4ra zabalduko dute, goizetan hamaiketatik ordu bietara eta arratsaldez bostetatik zortzietara. Adin guztiendako izango da, doan.
Kirol eta kultur ekintzak
Kirol arloan, Labegaraietan honako txapelketa hauek jokatuko dira: lauko hockey txapelketa jokatuko dute hilaren 26an, 09:00etan; hurrengo egunerako, ordu berean, saskibaloiko hiruko txapelketa antolatu dute; saskibaloiak hartuko du kiroldegia abenduaren 28an ere, baina, egun horretan, Bergara Hiria emakumezkoen saskibaloi txapelketa jokatuko dute, 12:00etan; abenduaren 30ean, aldiz, Eskubaloiaren Eguna ospatuko dute, 15:30ean.
Kirolean, Gabonetako hitzordu nagusienetakoa San Silvestre Trail proba izan ohi da; abenduaren 31n 12:00etan hasiko da lasterketa.
Futbolean, gazte mailako 34. Gabonetako Txapelketa Alfredo Najera Memoriala izango da urtarrilaren 4an, Agorrosinen.
Kulturari dagokionez, familiendako bi ekintza antolatu ditu Udalak: batetik, abenduaren 28an, Zikozaurre taldearekin familiendako Zirkoteka zirku tailerrean parte hartu ahal izango da, 11:00etatik 14:00etara bitartean, San Martin plazan. Euria bada, Seminarixoan izango da; bestetik, Geometría del alma dantza ikuskizuna taularatuko dute, abenduaren 30ean, Seminarixoan.
Gabonak Bedelkarrekin
Bedelkarrek kale-ekintzak antolatu ditu: txu-txu trena ibiliko da kaleetan zehar hilaren 23an eta 30ean, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Azkenik, hilaren 23an eta 28an, Moto DJ Reibaxek girotuko ditu kaleak, 18:30etik 21:30era.
Bedelkartxo lehiaketa abenduaren 29ra arte egongo da martxan; Gabonetako zozketa, urtarrilaren 4ra arte; eta, abenduaren 30era arte Bedelkar txartelarekin ordainduta, 40 euroko sariak zozkatuko dituzte.