San Antonio auzoan Gabonen atarian ohikoa den Napar Feria egingo dute bihar, Gure Ametsa elkarteak antolatuta, Bergarako Udalaren, San Antonioko ermitaren eta Udaparen laguntzarekin. Beste urte batez, Nafarroatik zuzenean ekarritako produktuak erosteko aukera egongo da azokan, 11:15ean hasita. Azokak arrakasta handia izan ohi du bertaratzen direnen artean, eta aurten askotariko produktuak ekarriko dituzte Nafarroako zortzi ekoizlek –pastak, hestebeteak, gazta, txokolatea, turroiak, barkilloak, teila eta zigarrotxoak eta ahatekiak–.
Hala, aurrez, eta eguna zabaltzeko, duela gutxi hil zen Andoni Urzelai ekarriko dute gogora, Gure Ametsa elkartean. Bestela, egitarauan nobedaderik ez dagoela aurreratu dute antolatzaileek. 11:00etan, Bergarako Txistulari Bandak eta Bergarako Erraldoien kalejirak girotuko dute auzoa, eta, ondoren, auzoko hildakoen aldeko meza egingo dute, San Antonioko ermitan.
Patata, osagai nagusia
Herriko elkarte gastronomikoetako kideek ere izaten dute aukera erakusteko zer-nolako eskua daukaten kozinatzen. Horretarako, patata protagonista duen plateren bat prestatu beharra izaten dute, eta, aurten, patatak txorizoarekin izango da prestatu beharko duten platera. Zortzi elkartek parte hartuko dute: Umore-Ona, Artatse, Lasai-Toki, San Migelpe, Gure Ametsa, Sagarpe, Madura eta Altzasu.
10:00etan piztuko dituzte suak; ondoren, 12:00etatik aurrera, egindakoaren plater bana banatuko diete azokako erosketa-txartel bat aurkezten duten herritar guztiei.
Familiendako ekintzak
Adin guztiendako ekintzak antolatu dituzte, eta etxeko txikiek ere izango dute zertaz gozatu. Lehen orduko erraldoien kalejiraren ostean, erraldoien gunea jarriko dute, 12:00etatik 14:00etara bitartean, han batzen direnek bertatik bertara ikus ditzaten. Tarte horretan, beste kalejira bat egingo dute.
Ordu tarte berean, errekortadoreen eskola, poneyak eta ganadu-erakusketa jarriko dituzte.
Hala, goiza borobiltzeko, azken urteetan bezala, Jon, Jaione eta Seme-alabak taldeak emanaldia egingo du, Canalejasko orubeko plazatxoan.
Horrez guztiaz gainera, goizean zehar DJ batek jarriko du musika San Antonio auzoan, eta taberna jarriko dute, txistorra eta salda dastatu ahal izateko.