Eguaztenak Oxirondon egitasmoak urteko azkenengo jarduera antolatu zuen atzorako, eta hitzorduko protagonistak izan ziren Olentzero, Mari Domingi nahiz bergararrak. Astebete baino gutxiago falta da Gabon gauerako, eta atzoko egunez jaso zituzten lehendabiziko gutunak goraino bete zen azokan. Elikaenetik adierazi dutenez, azoka ilusioz betetzen jarraituko dute. Gainera, baserritarren azokaz gain, txokolate-jana ere egin zuten.
Olentzeroren eta Mari Domingiren gutun-batzea
Bolua auzoan domekan ibiliko dira Mari Domingi eta Olentzero, eta 20:00etan jasoko dituzte gutunak.
Datorren martitzenean, 12:30ean San Martin plazara iritsiko dira Olentzero eta Mari Domingi, eta arratsaldeko seietan hasita jasoko dituzte udaletxeko atarian.
Angiozarren, berriz, goizean goiz herritar guztiak kantari aterako dira zazpi auzotan zehar, eta ondoren, bazkaria egingo dute. Olentzero eta Mari Domingi arratsaldean iritsiko dira eta etxeko txikien gutunak jasoko dituzte. Halaber, angiozarren zaurgarriak diren familiendako arropa batuko dute, eta herri bazkarian nahiz kantuan jasotako dirua Zapatari Etxeko egitasmora bideratuko dute.
Halaber, Osintxura arratsaldeko zazpiak aldera etorriko dira menditik eta zubian egingo dute bat umeekin.