Gabonetako kontzertua Bergaran, San Pedro elizako hotza musikaz berotzeko erronka eta guzti

Jokin Bereziartua Lizarazu 2024ko abe. 20a, 08:12

Gabonetako kontzertua, artxiboko irudi batean, udal pilotalekuan.

Musika bandaren, orkestra sinfonikoaren, Aritzeta abesbatzaren eta orfeoiaren zein orfeoi gaztearen Gabonetako kontzertua San Pedro elizan egingo da, frontoiko obrek eraginda (abenduak 21, 20:30); hotzagatik, taldeen ordena aldatu egingo dute, eta iraupena murriztu.

Bergarako musika bandaren, orkestra sinfonikoaren, Aritzeta abesbatzaren eta Bergarako orfeoiaren eta orfeoi gaztearen Gabonetako kontzertua ezohikoa izango da aurten. Ezohikoa izango da, bereziki, kokapenagatik eta iraupenagatik. Udal pilotalekuko sabaia aldatzeko lanek eraginda, ezingo da kontzertua han egin, eta horregatik egingo dute San Pedro elizan; bihar izango da, abenduak 21, 20:30ean hasita. Sarrera batzuk salgai daude oraindik, zortzi eurotan, seminarixoa.eus webgunean.

Eliza berotzeko aukerarik ez

Frontoiko obren ondorioz urteko kontzertu berezienetako bat dena San Pedro elizan egiteak badu, bandako zuzendari Enrike Txurrukaren arabera, beste ondorio bat: "Elizan izango zela erabaki zenean, kontzertu motzagoa egitea adostu zen, berogailurik ezean ez zelako kontzertua luzatzea komeni. Badakit Udaleko langileak ibili direla aztertzen eliza nola berotu, baina ez dakit ezer lortu duten; alde horretatik, eskerrak eman beharrean gaude parrokiari eta Udalari, egoera berezi honetan emandako laguntzagatik eta egindako ahaleginagatik".

Udalak adierazi du hainbat aukera aztertzen aritu direla eliza berotzeko; bonbona bidezko berogailuak, adibidez, ezin dira erabili leku itxietan, ez da legezkoa. Bestetik, aire bidezko berogailu sistema baterako, diotenez, energia gehiegi erabili beharko litzateke aurreko egunetan, eta, kontzertuaren unean itzali behar izatera, beroa oso azkar galduko litzateke. Ordubete inguruko kontzertua Formatua urterokoa izango da: talde bakoitzak bere tartea egingo du hasieran eta bukaeran denek elkarrekin joko dute. Baina talde bakoitzaren tartea ohikoa baino askoz motzagoa izango da. "Iaz, ia bi ordukoa izan zen kontzertua, eta aurten, ordubetekoa izaten saiatuko gara. Horretarako, urteroko ordena aldatu egingo dugu, taldeen sartu-irtenak ahalik eta motzenak izan daitezen. Hala, ikusleei gomendatzen diegu hotzari aurre egiteko ondo jantzita etor daitezela", dio Txurrukak.

Egitaraua, taldez talde

Imanol Urzelaik zuzentzen duen Aritzeta abesbatzak bi pieza abestuko ditu: Elaine Hagenbergen O love –pianoan Anabel Henao eta biolontxeloan Uxue Garitano– eta Richard Geneeren Insalata Italiana –bakarlari lanetan arituko dira Enaitz Agirre, Imanol Urzelai, Izaskun Labaien eta Raul Casales–. Bergarako orfeoiak eta orfeoi gazteak Beethoven's Fifth eta Negua joan da ta piezak interpretatuko ditu –perkusioan Ander Zulaika, baxuan eta kontrabaxuan Nagore Sanz eta pianoan Eli Mendiaraz arituko dira–, Aitor Biain-Bidartek eta Jon Etxanizek zuzenduta, hurrenez hurren.

Musika bandak Rossano Galanteren Trascendent journey pieza joko du eta orkestra sinfonikoak, berriz, Gioachino Rossiniren Tancredi obertura. Kontzertua borobiltzeko, talde guztiek batera interpretatuko dute John Williamsen Empire of the sun filmaren suitea, Enrike Txurrukak moldatua.

Musika eskola eta txistulariak

Biharkoa ez da Gabonetako kontzertu bakarra izango, badira urteroko hitzordu diren beste bi kontzertu. Bergarako Musika Eskolak gaur, hilak 20, egingo du ikasleen kontzertua, Seminarixoan; bi emanaldi izango dira: 18:00etan eta 19:30ean. Bestalde, txistulari bandak ere egingo du ohiko Gabonetako kontzertua; abenduaren 22an izango da, udaletxeko osoko bilkuren aretoan, 13:00etan.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak