Kirol Zerbitzuko Ohorezko Abonatu Txartela sarien izen ematea ireki du Bergarako Udalak

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko abe. 16a, 14:42

Iazko Kirol Zerbitzuko Ohorezko Abonatu Txartela sarien irabazleak. (Argazkia: GOIENA).

Hirugarren urtez banatuko dira Ohorezko Abonatu Txartela sariak. Herriko kirolaren alde egin duten edo egiten ari diren pertsonei aitortza egingo zaie eta saridunek Bergarako kirol Zerbitzuko abonu osoa doan izango dute 2025 osoan zehar. Proposamenak urtarrilaren 10a baino lehen aurkeztu daitezke.

"Sari hauekin kirol arloan egindako lana, konpromisoa eta lortutako emaitzak eskertu nahi dira", adierazi du Bergarako Udalak. Edozein bergararrek edo entitatek proposa ditzakete hautagaiak, betiere, norbere burua proposatu gabe.

Epaimahaia Bergarako Udaleko ordezkariek eta Kirol Zerbitzuko arduradunek osatuko dute eta hurrengo irizpideak hartuko dituztela aurreratu du Udalak: kirol-merituak, denbora-dedikazioa, generoa, inklusibitatea, kirol modalitatearen izaera minoritarioa, hautagaiaren adina eta hainbat kirol modalitatetan parte hartzea. Gehienez ere urte osoko bost abonu banatuko dituzte.

Proposamenak bidaltzeko baldintzak

Proposamenekin batera hautagaiaren izen-abizenak, balorazio-irizpideei buruzko azalpenak –merituak, dedikazioa, modalitatea eta abar– argazkia, eta, "hala badagokio komunikabideetan argitaratutako informazioa" aurkeztu beharko dira urtarrilaren 10a baino lehen Bergararren Arretarako Zerbitzuan (BAZ), Agorrosinen edo udalaren webgunean. Hautagaien zerrenda otsailean argitaratuko dute Udalaren webgunean.

Hautagaien proposamenak bidaltzen dituztenen artean hiru hilabeteko abonu bat zozkatuko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak