Urte berriarekin batera, Jardunek herrian euskara sustatzeko ekintza berria jarri nahi du martxan, eta horregatik ideia lehiaketa antolatu du. Ekintza proposamen horietatik aukeratuko dute datorren urtean egingo den egitasmoa.
Hala, 2008an edo lehenago jaiotako bergararrek hartu ahal izango dute parte banaka nahiz gehienez ere lau kideko taldetan eta Jardunek Bergaran euskararen ezagutza edo erabilera sustatzeko egingarria den ekintza proposatu beharko dute; partaide bakoitzak nahi adina ideia aurkeztu ditzake. Ideiak berria izan behar du, hau da, aurrez gauzatu gabea izan beharko da.
Ideiari buruzko xehetasunak
Proposamen horretan proiektuaren nondik norakoak azaldu beharko dira: izenburua, azalpen laburra, helburua(k), nori zuzenduta dagoen eta noiz, nola eta non bideratuko den.
Ekintza proposamenak jardun@topagunea.eus helbidera bidali behar dira parte-hartzaileen izen-abizen, jaiotze-data eta telefonoarekin batera urtarrilaren 7a baino lehen.
Ideia onenak 150 euroko saria jasoko du, eta epaimahaia Jarduneko kideek osatuko dute. Haiek posta elektronikoz jakinaraziko die irabazleei, eta sare sozialetan ere jakinaraziko da zein ekintza saritu duten. Aurreratu dute, saria eman gabe geratu daitekeela, epaimahaiak hala erabakitzen badu. Informazio gehiagorako: 943 76 36 61 / 605 71 24 69; www.jardun.eus edo jardun@topagunea.eus.