Egin klik euskaraz! ekimena jarri du martxan Bergarako Jardun euskara elkarteak. Adierazi dute teknologia berriek eguneroko bizitza aldatu dutela, baina horiek euskaraz erabiltzeko geroz eta aukera gehiago dagoela: "Euskarak eta teknologia berriek bidea elkarrekin egin dute, eta hala egiten jarraituko dute etorkizunean ere, klik bat eginez, sarean hainbat programa eta aplikazio topa dezakegu euskaraz".
Horregatik, hainbat aukera luzatu dituzte teknologia berriak euskaraz konfiguratzeko. Gogoratu dute, sare sozialek badituztela euskarazko bertsioak, eta adimen artifiziala –ChatGPT edo NotebookLM– euskaraz erabili daitekeela.
Halaber, sistema eragileari dagokionez, gaztelerazko bertsioaren gainean euskarazko interfaze-paketea instalatu daiteke; baita nabigatzaile, mugikorra, ofimatika programak, zuzentzaileak –Hobeto eta Xuxen– eta itzultzaile neuronalak ere.