Duela bost urte hasi zen Olaso Dorrea Fundazioa berritzeko prozesua, eta ordutik hainbat ekimen bultzatu ditu Fundazioak; besteak beste, Bergarako Udalarekin batera, dorretxera bisita gidatuak egitea edota Monzon-Ganuza Euskal Utopikoei saria sortzea. Horrekin batera, dorretxean dagoen artxiboa aztertzeko nahiz handitzeko lanean ari dira. Fundaziotik azaldu dute, horretarako Joseba Sarrionandiaren laguntza "paregabea" dutela. Horrekin batera, hasi dira erakusketak nahiz hitzaldiak antolatzen ere.
Eusko Jaurlaritzak museo izaera aitortu izanak aukera ematen die Fundazioaren esanetan, "ondare historikoak herrialdeari egiten dion ekarpena indartzeko". Horregatik, erronka horiei aurre egiteko, funtsak biltzeko kanpaina abiaraziko du, "pertsona fisikoei eta juridikoei zuzendutako laguntza ekonomiko eredu zabal baten bidez". Horren helburua da ideien laborategia sendotzeko eta museoa nahiz artxiboa garatzeko.
Hainbat ordainketa modalitate
Pertsona fisikoei zuzenduta, ohorezko babesle dohaintza berritu dute proiektuari bultzada eta edukia emateko helburuarekin. Bost urterako izango da –Monzonen jaiotzaren 125. urteurrena arte iraungo luke–. Dohaintza urtean 300 eurokoa da. Urteko dohaintza behin bakarrik edo zatika ordaindu ahal izango da, eta ohorezko babesle direnek ondorengo eskubideak izango dituzte: lau lagunendako bisita gidatua dorretxea, Fundazioaren jarduera jasotzen duen buletina nahiz Fundazioak editorial ezberdinekin lankidetzan argitaratzen duen liburuetako bat. Babesle arrunta ere izan daiteke. Urtean 100 euro ordainduta.
Bestalde, dohaintza edo bestelako lankidetza formalizatzeko interesdunek Olaso Dorrea Fundazioaren webgunera jo behar dute; bestela, fundazioa@olasodorrea.eus helbide elektronikora idatzi edo 638 12 16 75 telefono zenbakira deitu astelehenetik egubakoitzera 11:00etatik 13:00era.