Duela bost urte hasi zen Sua Zangitu (Bergara, 2008) Burdinola hockey taldean. Euskal selekzioarekin ere lehiatu da, eta, postu finkorik ez badu ere, atzelari postuan jokatzen du, jeneralean. Espainiako emakumezkoen zilarrezko ligan jokatzen du Bergarako taldeak, eta jaitsiera fasea jokatu beharko dute.
Zer-nolako denboraldia ari da izaten?
Polita, nahiz eta oraindik hasi besterik ez garen egin. Denboraldia urrian hasi zen, baina irailean hasi ginen entrenatzen.
Jaitsiera fasea jokatuko duzue; ze aurreikuspen dituzu?
Denok dakigu zaila izango dela, daukagun taldea oso gaztea delako oraindik. Dena den, guztia emateko prest gaude.
Noiz jokatuko duzue jaitsiera fasea?
Oraindik ez dakigu noiz, non eta zenbat partida jokatuko ditugun. Dakigun bakarra da ze beste bost talde egongo diren, eta, fase horretako sei talde horietatik, lehenengo hirurek datorren urterako plaza mantenduko dute.
Hiru punturekin hasiko duzue jaitsiera fasea; ze itxaropen duzu?
Aurreko urtean punturik gabe heldu ginen, eta berdin-berdin mantentzea lortu genuen. Beraz, aurten hiru punturekin, nahiz eta beste talde batzuk gehiago izan, badaukagu mailari eusteko itxaropena.
Hockeya kirol minoritarioa da; nolakoak dira entrenamendu-saioak?
Kiroldegia beste kirol batzuekin partekatzen dugunez, astean bi egunetan bakarrik entrenatzen gara. Gainera, oso berandu: astelehenetan 21:00etatik 23:00ak arte eta eguenetan 21:30etik 23:00ak arte. Ez dugu kategoriatan banatuta entrenatzen, ez daukagulako hainbeste orduz pista libre. Infantiletatik gora, denok batera entrenatzen gara.
Badauka harrobirik hockeyak Bergaran?
Kirol minoritarioa bada ere, badauka eta badaude ume ugari; batez ere, irristaketan dabiltzanak. Baliteke haiek etorkizunean hockeyan jarraitzea.
Gazteak hockeyan hastera animatuko zenituzke?
Normalean, gazteek futbola edo saskibaloia aukeratzen dituzte txikitatik. Nahiz eta kirol politak izan, gazte guztiak animatzen ditut kirol desberdinak probatzera, posible delako, adibidez, hockeya gustuko izatea.
Garaipenik ez Labegaraietan
Espainiako emakumezkoen zilarrezko ligaren baitan, hiru partidutik hiru galdu zituzten joan den asteburuan Labegaraietan, eta horregatik jokatu beharko dute jaitsiera fasea. Las Rozasen kontra 3-0 galdu zuten; Gadexen aurka, 4-1; eta Tres Cantosen kontra, 0-3. Jaitsiera fasea noiz jokatuko den zehaztu gabe badago ere, hiru punturekin hasiko dute.