Angiozarko eskolako gabezien berri eman eta Azpiegitura Planean sartzeko eskatu diete legebiltzarkideei

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko abe. 10a, 13:11

Legebiltzarreko, Angiozarko eta Bergarako Udaleko ordezkariak Angiozarko Eskolan. (Argazkia: Legebiltzarra.eus).

Atzo goizean legebiltzarkideek Angiozarko Eskola bertatik bertara ezagutu eta eskaerak entzun zituzten Angiozar Bailara Batzarrak eta Arbiaska Guraso Elkarteak deitutako bisitan. Bertan izan ziren baita ere Eskolako, Bergarako Udaleko nahiz Hezkuntza Saileko ordezkariak.

1958an sortu zen Angiozarko Eskola eta ordukoa izan zen lehenengo eraikina, Frankismo garaiko eskola nazionala. Bigarren eskola 1991n eraiki zen, eta ordukoa da gaur egun martxan dagoena. Ordutik, solairu bat gehitu zaio. Gaur egun, HH3tik LH6ra bitarteko 28 ikaslek ikasten dute bertan. Eskola bada ere, Angiozar Bailara Batzordearendako ez da zentro bat soilik; bailararen "traktore-motorea" da despopulazioari aurre egiteko, eta horri gehitu diote, bi urte horietan eskola ez zela "behar bezala" planifikatu: "Beti erabili behar izan dira Hezkuntza Sailak jarri ez dituen kanpo espazioak".

2018tik ari dira Bergarako Udala, Angiozar Bailara Batzarra eta Arbiaska Guraso Elkartea eraikinaren egokitzapena eskatzen egungoak "ez dauzkalako gutxieneko espazioak eskola duina izateko", eta atzo astelehena, EAJko Alazne Arana eta Aritz Abaroa, EH Bilduko Itziar Murua, PSE-EEko Patricia Campelo eta PPko Muriel Larrea legebiltzarkideek haien eskaerak entzun eta eskola ikusi ahal izan zuten bertatik bertara. Horiez gain, bisitan izan ziren Hezkuntza Saileko lurralde ordezkari Amaia Urzelai; Angiozarko alkate Mila Elorza; Eskolako zuzendari, idazkari nahiz Guraso Elkarteko ordezkariak, eta Bergarako alkate Gorka Artola, Markel Azkargorta eta Maite Usabiaga zinegotziak nahiz udaleko bi teknikari.

2018tik aldarrikatzen

Angiozarko Bailara Batzarretik adierazi dute, 2018an egin zutela lehenengo bilera Eusko Jaurlaritzan, orduko Hezkuntza sailburuordearekin eta "oso pozik" atera zirela: "Are gehiago, 2019an Azpiegitura Planean onartu ziguten eskaera. Plan hori 2019-2023ko plana zen eta han Angiozar agertzen zen, eta Bergara beste aldetik. Orduan, Hezkuntza Sailak independentzia ere aitortu zigun".

Dena den, 2020an, proiektua aztertzen hasi zirenean, "aldapa gora" hasi zen: "Alderantziz, ofiziala izan gabe, planetik kanporatu eta orain arteko zuzendariak exekuzio esku-hartzerik ez zuela egin behar adierazi zigun". Azaldu dute, 2022an Hezkuntzako Azpiegitura zuzendariak esan ziela eraikina "nahiko ondo" zegoela: "Obraren bat egin beharko balitz egingo litzatekeela esan zigun, baina aztertu zuela jaiotze-tasa eta ez zuela ikusten lehentasunezko obra bat egin behar zenik zerbitzuak hobetzeko".

"Golpe latza" izan zela aitortu dute, eta orduan hasi zutela aldarrikapenen beste prozesu bat. 2023an Legebiltzarrean bertan aurkeztu zituzten atzoko eskaera berberak: "Bakoitzari eskatu diogu lehentasunez –bakoitzak bere aldetik, opozisiokoak oposiziotik eta Gobernuan daudenak Gobernutik– ahalik eta azkarren buelta emateko. Ekipamendu plana joan zen, 2019-2023 epealdikoa zelako. 2024-2028koa berridazten ari dira, eta horregatik eskatu diegu planean txertatzeko. Bereziki, ulertu dezatela auzoarendako ze garrantzitsua den".

Hiru proposamen eginda

2018tik gaur arte Bergarako Udalak hiru proposamen egin ditu Eusko Jaurlaritzan, eta horiek ezezko erantzuna izan dute. Batetik, egungo eraikinaren ondoan beste bat eraikitzea zen proposamena, bi eraikinak bina solairurekin, eta Angiozar Bailara Batzarrak dio hori atzera bota zuela Jaurlaritzak. Bigarrena izan zen, egungo eraikineko goiko solairua handitzea, baina hori ere atzera bota zuten.

Egin duten azken proposamena izan da Angiozarko Garitanotarrek dohaintzan eman nahi duten Zapatari Etxearena. Aurreratu dutenez, lau solairu ditu, bakoitza 400 metro karratukoa, eta horrek ahalbidetuko luke buruan duten espazio soziokomunitario integrala sortzea: "Eskola bakarrik ez. Auzoko zerbitzu komunitarioak ere hor txertatzea nahiko genuke. Ulertzen dugu erabilera anitzeko instalazioa izango litzatekeela. Mediku kontsultorioa daukagu, fisioa, gimnasia ematen dugu yoga leku batean –ez dago baldintzetan–, Bailara Batzarra beste leku batean elkartzen gara… Orduan, diseminatuta eta oso egoera kaxkarrean dago. Esaten genuen Zapatari Etxean sartu, goitik behera berritu eta auzoarendako motorra izango zen espazio komunitarioa sortzeko. Horri ez digute baiezko erantzunik eman. Atzoko eskaeretako bat ere hori zen. Agenda politikoan txertatzen badute, egin dezatela azterketa bat, hori guztia hor integratzeko".

Aldarrikapenak egiten jarraituko dute

Proposamenak eginda, borrokatzen jarraituko dutela adierazi dute. Gaur arratsaldean elkartuko dira atzoko bileraren berri emateko herritarrei eta hor erabakiko dute zeintzuk izango diren datozen hilabeteetan emango dituzten urratsak: "Ofizialki ,Udala eta Eskolako zuzendaria badabiltza bide ofizialetik, baina guk erabaki genuen bide ofiziosoa erabiltzea, aldarrikapenena, kexena… Gaur erabaki behar dugu atzokoa eta gero hurrengo urratsak zeintzuk izango diren". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak