Euskarazko irakurzaletasuna bultzatzeko asmoz, LH1 eta LH2ko ikasleei zuzendutako ipuina sortzeko tailerra egingo dute egubakoitzean, 17:30ean Udal Liburutegian. Tailerrean parte hartu gura duenak Jardunen eman beharko du izena abenduaren 12a baino lehen. Doakoa da, baina plazak mugatuak dira.
Tailerraren helburuak dira, besteak beste, sormena nahiz irudimena lantzea, haurren arteko hizkuntza harremana euskaraz bultzatzea eta irakurzaletasuna jolastuz eta gozatuz sustatzea.
Liburu aurkezpenak
Goienak eta Jardunek antolatuta Juan Martin Elexpuruk bere azken liburua aurkeztuko du abenduaren 11n Olaso dorrean (18:30): Euskarazko izenak erromatar garaiko aldare eta hilarrietan. Goienakideek eta Jarduneko bazkideek liburua merkeago erosi ahalko dute bertan.
Halaber, Bergarako Udazkeneko Literatur Solasaldiko azken saioa izango da abenduaren 18an, Irizar Jauregian, 18:30ean. Juan Carlos Etxegoien Juanarena Xamar-en Etxera bidean liburuaren bueltan jardungo dute kontu kontari Mikel Antzak gidatuta.
Euskarazko liburuak merkeago
Gaurtik abenduaren 15era bitartean Bergarako Elkar-en euskarazko liburuak merkeago eskuratu ahal izango dira. Horretarako, behin liburu-dendan liburua erosita, erosketa txartela Jarduneko bulegora eraman beharko da eta deskontuaren zenbatekoa itzuliko dute.
Hori horrela izanik, helduen literatura liburuak erosita Jarduneko bazkideei ordaindutakoaren %50 itzuliko zaie; gainerakoei %30. Gazteen literatura liburuen kasuan, Jarduneko bazkideei %30, eta besteei %20. Azkenik, haur literaturan bazkideek %15 jasoko dute bueltan, eta gainontzekoek %10.
Gehienez ere bi liburu onartuko dituzte pertsonako. Deskontuaren dirua jasotzeko azken eguna abenduaren 20a izango da.