Atzo, zapatua, Las Rozas taldearen aurka jokatu zuten bergararrek, 3-0 galduz. Bigarren partiduan, Gadex taldearen aurka 4-1 galdu zuten. Asteburuko azken partidua gaur, domeka, jokatu dute, jaitsiera fasea jokatu behar zutela dagoeneko jakina zenean. Azkenean, Tres Cantos taldeak 0-3 irabazi dio Burdinolari.
Helburua lortu ez arren, asteburua ondo ikusi du Agustin Oianguren entrenatzaileak. "Kontuan hartu behar da talde gaztea dela gurea eta komeni zaigula teknika aldetik zein joko aldetik hobetzea. Hori horrela izanda, duten guztia eman dute jokalariek eta itxurako partiduak irten dira. Partidua galdu arren, esperientzia irabazten ari dira jokalariak eta hori garrantzitsua da".
Jaitsiera faseari "gogotsu" ekingo diotela adierazi du entrenatzaileak. "Gure multzotik, hiru taldeak hiruna punturekin goaz fasera. Orain, ikusi egin beharko dugu beste multzoko taldeak zenbat punturekin iristen diren. Iaz zero punturekin iritsi ginen fasera eta mailari eustea lortu genuen; aurten, hiru punturekin hasita, abantaila gehiago dugu, beraz, ikusiko dugu".