Jon Garaño eta Aitor Arregi –oñatiarra da– zuzendariek zuzendu dute Marco filma, eta hiru emanaldi izango dira Bergaran: bihar, domekan eta astelehenean; 19:30ean hasita hiru egunetan. Seminarixoko webgunean eros daitezke sarrerak, aurrez hartu nahi izanez gero.
Enric Marco Battleren istorioa kontatzen du filmak. Espainiako sindikalista izan zen, eta Lanaren Konfederazio Nazionaleko (CNT) idazkari nagusia eta Espainiako Amical de Mauthausen-eko presidentea. Nazien esparruetatik bizirik atera zela zioen, eta hitzaldi ugari egin zituen hori aitzakiatzat hartuta; hala ere, gerora jakin zen faltsutu egin zituela bere biografiako datuak Bigarren Mundu Gerran Flossenburgeko kontzentrazio esparrutik bizirik irten zela esateko.