Azaroa bereziki mugitua izaten da barrabiletako eta prostatako minbiziaren ikerketarako dirua batzea helburu nagusi duen Movember Gara taldearentzat. Aurten bederatzigarren aldia izan da, eta, taldeko kide Unai Azkarateren arabera, hilabete osoan antolatutako ekintzek harrera ona izan dute. "Aurtengo nobedade nagusia Bilboko Lola Dacosta sexologoaren Sexualitatea prostatako minbizia sendatzean izeneko hitzaldia izan da, Miguel Altuna Lanbide Heziketan egin zena. Iaz, suizidioa izan zen hitzaldiko gaia, eta, egia esan, aurtengo gaiak harrera hobea izan du; gainera, hitzaldia amaitu ostean gurekin etorri zen Dacosta, pintxo-potera, eta, orduan, giro lasaiagoan, azalpenak ematen jarraitu zuen. Jendea oso gustura geratu zen".
'The Great Bro' izendapena
Aurtengo beste berritasun bat izan da Venti pizzerian kontzertu bakarra egin beharrean bi kontzertu egin dituztela: azaroaren 22an, Maddi eta Irene aritu ziren –eta, ondoren, bertsolariak egon ziren–; eta azaroaren 29an, berriz, Elgoibarko Brillet rock taldea. "Venti pizzeriako arduradunekin harreman oso polita dugu; Movember Gara taldearekin oso ondo portatzen dira, musikariei eta teknikariei afaltzen ematen, besteak beste".
Egitaraua borobiltzeko, azaroaren 30ean, mendi buelta, bibote mozketa zein enkantea eta ondoren bazkaria egin zuten, Umore Ona elkartean. Azken ekitaldi horretan izen propio bat nabarmendu nahi izan du Azkaratek, Aritz Bikuña: "Urtero egiten diogu aipamen berezi bat taldeko kideren bati; The Great Bro izendatzen dugu. Iaz, Eñaut Uriarte bertsolariari eman genion diploma, eta aurten, Uriartek Aritz Bikuñari eman dio. Izan ere, Bikuñak txartelen salmentaren errekorra ondu du aurten, zortzi txartel-sorta salduta".
Ikerketarako batu duten diru kopurua zenbatekoa izan den datorren astean esango dute
2025ean hamar urte
Barrabiletako eta prostatako minbiziaren ikerketarako zenbat diru batu duten galdetuta, Azkaratek dio oraindik ez dutela kopuru zehatza zenbatu: "Datorren astean emango dugu kopuru zehatzaren berri". Gainera, zozketako zenbaki irabazleak honako hauek izan dira: lehen saria, 1.208 –ordezkoa, 544–; bigarren saria, 1.199 –agertu da irabazlea–; eta hirugarren saria 883 –ordezkoa, 1.352–. 2025ean ekimenak hamar urte beteko dituela-eta, zerbait berezia egiteko asmoa dute: "Pentsatzen ari gara ekitaldi gutxiago baina handiagoak edo esanguratsuak egitea datorren urtean".