San Silvestre Trail proba prestatzeko entrenamendu saioez gozatzen ari dira

Jokin Bereziartua Lizarazu 2024ko abe. 5a, 17:14

Korrikalari talde bat, Aranerreka auzoko Itsasmendi baserrian, abenduaren 1ean. Argazkia: Maria Sanchez.

Abenduaren 31ko herri lasterketan ahalik eta emakumezko gehien izateko Hankaluze Trail taldeko Maria Sanchezek gidatu dituen prestaketa saioak arrakastatsuak izan dira; urriaren 26ean egin zuten lehena, eta azkena abenduaren 15ean izango da.

Hankaluze Trail taldeko Maria Sanchez korrikalariak gidatuta eta Udalaren laguntzarekin, herriko emakume talde bat antxintxika egiteko elkartzen hasi zen urriaren 26an.

Egun hartan egin zuten lehen irteera, abenduaren 31ko San Silvestre Trail probarako prestaketa moduan, eta ordutik beste hiru irteera egin dituzte; azkena domekan egin zuten, abenduak 1, baina beste irteera bat ere egingo dute. "Hasiera batean, abenduaren 1ekoa izan zen behar zen azken prestaketa saioa, baina erabaki dugu abenduaren 15ean beste bat egitea. Izan ere, abenduaren 1ean Zarautzen lasterketa mistoa zegoen eta taldean parte hartzen dutenetako batzuk bertara joan ziren. Azaroko azken saioan 42 lagun elkartu ginen eta domeka honetan, 29; gainera, Aretxabaletatik ere etorri ziren korrikalari batzuk. Oso pozik gaude kopuruekin eta taldean sortu den giroarekin", dio Sanchezek.

Azken saioa, "berezia"

Sanchezek aurreratu duenez, abenduaren 15eko azken saioa "berezia" izango da: "Gorlara igoko gara, eta handik Irimora joatea da asmoa. Ez dugu erabat zehaztu, baina, seguruenik, kideetako batzuk 08:00etan elkartuko gara palmondoaren ondoan eta beste batzuek 09:30ean Gorlatik abiatuko dute irteera. Buelta osoa egin ostean, denok batera bazkalduko dugu".

Sanchezek azpimarratu duenez, ekimena abiatu zuten emakumeak trail mundura hurbiltzeko: "Gertatu ohi da emakumeok nahi dugula antxintxika hasi, baina lotsagatik, bideak ezagutzen ez ditugulako edo beste motibo batzuengatik ez garela animatzen. Ni gizonezkoz inguratuta hasi nintzen eta gogoan daukat hasieratik gustura sentitu nintzela, baina ulertzen dut emakume guztiei ez zaiela gauza bera gertatzen. Helburua hori da, lotsak alboratzea eta lasterketetan parte hartzeko ere herriko emakumeak ahalduntzea". Pozik dago Sanchez, irteerekin hasi zirenetik taldea handitzen joan delako eta haietako batzuek abenduaren 31ko San Silvestre Trail proban parte hartuko dutelako: "Ea 2025ean ere taldeko kideek antxintxika jarraitzen duten; ederra litzateke".

Bergarako bikote bat, Iralako helmugan, 2023ko San Silvestre Trail proban.

San Silbestre Trail 2024: 350 korrikalari, eta 50 bikote

Azaroaren 2an ireki zen San Silbestre Trail probarako izen-ematea eta banakako modalitateko 350 dortsalak ordubetean agortu ziren. Binakako dortsalak, berriz, bi egunetara agortu ziren gutxi gorabehera; 50 bikotek hartuko dute parte. Proba 12:00etan irtengo da San Martin plazatik eta 7,4 kilometro inguruko ibilbidea egin ostean Irala kalean amaituko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak