Bergarako odol-emaile elkarteak odol gehien eman duten bergarar emaileak omenduko ditu bihar, San Joxepe elkarteko Arin Gunean, 13:30ean. 24 izango dira dominak eta opariak jasoko dituztenak, eta 25, 40, 50 eta 75 odol-emate tarteetan banatu dituzte omenduak.
Elkartetik aurreratu dutenez, iaz 1.014 lagunek egin zuten odol dohaintza gutxienez behin Bergaran; 513 emakumek eta 501 gizonezkok. Dena den, odol-emaile aktiboak, jarraikortasuna izan dutenak, 617 izan dira; 310 emakume eta 307 gizonezko.
Hamabostean behin egiten dira odol-ateratzeak, Arin Gunean, 16:30etik 20:15era, eta hurrengo hitzordua abenduaren 11n izango da. Urtean zehar birritan egiten dituzte ateratzeak Mariaren Lagundian eta Miguel Altunan.
Datorren urteko erronkei dagokienez, adierazi dute urtarriletik aurrera www.gotatanta.eus atarian hartu ahalko dela odola ateratzeko hitzordua, eta, era berean, asmoa dutela sare sozialetan presentzia izateko.