Erromatar garaiko aldare eta hilarrietako euskarazko izenen bilduma osatu du Juan Martin Elexpuruk

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko aza. 26a, 09:30

Juan Martin Elexpuru argitalpen berria esku-artean duela.

Euskarazko izenak erromatar garaiko aldare eta hilarrietan liburua argitaratu berri du bergararrak. 300 argazki eta hamar mapa jasotzen ditu Nabarralderekin argitaratutako 240 orriko lanak. Salgai dago liburu-dendetan eta eskuragarri izango da, baita ere, Durangoko Azokako Nabarralderen postuan.

"Lan hau hutsune bat betetzeko asmoarekin burutu da. Gezurra badirudi ere, antzinateko epigrafeen gaia beti erdigunean egon den arren euskararen historiaren azterketan, nik dakidala orain arte ez da argitaratu epigrafe horien bilduma, katalogo, zerrenda edo dena delakorik. Osorik, alegia, argazki eta guzti, lortu daitezkeen neurrian". Horrela ematen dio hasiera Euskarazko izenak erromatar garaiko aldare eta hilarrietan Juan Martin Elexpuruk.

Esku-artean du azken liburua bergararrak. Ibon Serrano eibartarrarena da azaleko ilustrazioa, eta barruko orrietan sakabanatuta dagoen materialaren berri ematen du bergararrak. "Kontaezin ahala dira gaiari buruzko lanak, baina orain arte ez da argazki eta guztiko bilduma-lan handirik argitaratu", dio egileak. Euskarazko izenak daramaten erromatar garaiko aldare edo hilarrien berri ematen du Elexpuruk. Horietako asko galduta daudela dio eta beste asko eraikuntza berriagoetan berrerabiliak.

Garona Garaian –Luchon inguruan– aurkitu da pieza gehien; 205, hain zuzen ere. Pirinio Hegoaldean ere ugari dira, eta azkenaldian Soriako Tierras Altas eskualdeak eman du ezusteko atsegin gehien. Hamabi pieza zenbatu dira Errioxa eta Soria inguruan; sei Aragoin, 23 Nafarroan, eta 15 Araban. Gipuzkoan, Bizkaian eta Zuberoan bana identifikatu dira. Horien guztien berri ematen da liburuan, garrantzi handia eskaintzen zaiolarik testuinguru historikoari zein sozialari, eta izenen ustezko esanahiari.

Irulegiko eskuaren inguruko eranskina

Liburuaren azken 39 orriak Irulegiko eskuari eskainitako eranskin bat da. Irulegiko eskuaren inguruan sorturiko nahasteari begira du izenburua. "Adituek testuaren irakurketa eta interpretazio ustez fidagarria eman zuten aurkezpen egunean, baina handik urtebetera hasierako bertsioa aldatzera zetozen bederatzi artikulu argitaratu ziren Fontes aldizkarian. Artikulugileak aurkezpeneko adituak ziren, EHUko hainbat kidez eta iberista ezagunez lagunduta". Elexpuruk hasierako baieztapenak aztertu ditu zein geroko zuzenketak, eta ondorio nagusi batera heltzen da: "Gauzak nahastea besterik ez dutela lortu".

Liburua 20 eurotan dago salgai. Elexpuruk Azpeitiko Azoka Plazako lehen solairuan egingo du lehen aurkezpena, abenduaren 3an, 19:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak