Topaketa aukera paregabea izan da trebetasunak neurtu eta elkarrekin disfrutatzeko. 16 urtetik gorakoei zuzendurik, 15:30etatik 16:00etara izan dute parte-hartzaileek izena emateko aukera. 20 gazte inguru izan dira rokodromora hurbildu direnak eta izen-ematearekin batera kamiseta jaso dute. 16:00etan hasi dute jardunaldia musikaz lagundurik. Hasieran 45 minutu inguru izan dituzte eskalatzaileek aurretiaz markatutako blokeak burutzeko, 8 zehazki, progresiboki zailagoak. Parte-hartzaile bakoitzak paper bat izan du blokea zenbatgarren ahaleginean egitea lortu duten idazteko. Lehenengoan burutuz gero, 40 puntu jaso ditu eskalatzaile bakoitzak eta ahalegin bakoitzeko 10 puntu gutxiago.
Txapelketa herrikoia egin dute ondoren. Eskalatzaile guztiek 3 bloke egin dituzte bata bestearen ondoren eta puntuazio altuena lortu duten hirurek finala jokatu dute. Giro bikaina sortu du eskalatzaile eta bertaratutako guztien artean. Irabazleak txalo zaparrada jaso du. Hainbat ordu rokodromoan disfrutatu ondoren, luntxarekin amaitu dute eguna.
Topaketa eskalatzaileen artean bat egiteko modua dela adierazi du Mikel Uribesalgo antolatzaileak. Rokodromoa berriztu ondoren izandako gorakada ikusita, hurrengo urteetan ere ekintza bera antolatzen ahaleginduko direla esan du aukera bikaina baita arratsaldea pasatzeko.