Lizartza-Andoainera joan da Euskal Herriko Dantza Solte Txapelketako garaikurra

Goiatz Arana Begiristain 2024ko aza. 17a, 17:38

Onditz Esnaola eta Jurgi Errandonea nagusitu dira eta eurentzako izan dira txapelak eta garaikurrak. Zizurkil-Asteasuko Nora Davila eta Julen Lertxundi sailkatu dira bigarren; eta Azpeitiko Hegoa Aizpuru eta Izaro Arandia, hirugarren. Eskualdeko ordezkaririk ez da izan aurten.

46. sariketa izan da eguerdian Seminarixoan egindakoa eta Gipuzkoako 16 urtez azpiko dantzari gazteek osatutako zortzi bikote lehiatu dira. Bergarako Txistulari Bandaren eta Edurne Iturbe eta Aitziber Estanga trikitilarien doinuek lagunduta, sei pausoko fandangoa eta arin-arina egin dituzte. "Maila polita erakutsi dute guztiek, baina batez ere lehendabiziko bi postuetan sailkatu direnek; zertxobait nagusiagoak ere badira eta hori igarri egiten da", adierazi du Bergarako Musika Eskolako Nekane Gabilondok. Epaimahaikideek erabakia hartu bitartean, Musika Eskolako 8 eta 10 urte bitarteko ikasle talde batek bi koreografia egin ditu.

Bergarako Musika Eskolak antolatu du txapelketa, Bergarako Udalaren eta Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarraren laguntzarekin.

Sarrera doakoa izan da eta 140 bat lagun elkartu dira Seminarixoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak