"Bide onetik" doaz Bergarako udalaren eta udal langileen arteko negoziazioak

Jone Arruabarrena 2024ko aza. 15a, 15:24

Irailaren 3an udaletxeko osoko bilkuren aretoan egindako batzarra. Argazkia: Udaleko langileen batzarra.

Irailean hasi ziren udal langileak beraien lan baldintzak hobetzeko bost aldarrikapen zehatz egiten. Urrian zehar hainbat bilera egin dituzte udal gobernuarekin, eta bost puntuetan aurrerapenak egon direla azaldu dute gaur

Ikasturtearen hasieratik daramate Bergarako udaleko langileek beraien lan baldintzak hobetu eta marko negoziatzailean bermeak izatea aldarrikatzen. 2012. urtetik berritu gabe zeukaten hitzarmena, eta udalarekin adostasun batera heltzen ez zirela ikusta, hainbat mobilizazio egin zituzten, eta, azkenean, Udal Gobernuarekin bilera ugari izan dituzte urrian zehar.

Azkenean, hasi da gatazka bideratzen azken asteetan. Gaur izan dute azken langile batzarra, eta adierazi dute lan gatazka birbideratzeko elkarrizketak "bide onetik" doazela. Bi aldeek konpromisoak hartu dituztela azaldu dute, eta langileek aldarrikatu dituzten bost eskaerak zertan dauden azaldu dute:

1. Marko negoziatzailearen bermerako neurriak hartu dira.

2. Lan postuen balorazio orokorraren korapiloak "askatu" dira eta aurrera begirako urratsak zehaztu eta adostu dira.

3. Belaunaldi erreleboa eta ezagutza transferitzeko planaren azterketa egiten ari da. Plana gauzatzeko "konpromiso argia" dagoela adierazi dute langileek.

4. Lan Hitzarmena negoziatzeko egutegia adosteko konpromisoa hartu dute. Zaintza eta kontziliazioa errazteko baimen eta lizentzia berriak “Bergarahitz”en txertatuko dituztela ere adostu da.

5. Kontratazio politika eta enplegu planak azterketa sakonagoa egitea eskatzen du. Azken puntu horretan, "denbora hartu eta elkarrizketa prozesu pausatuagoa" behar dutela adostu dute.

Hori horrela, langile batzarrak "Elkarrizketa eta negoziazioaren bidean jarraitzearen erabakia" babestu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak