Jabekuntza Eskoletan Lola Dacosta (Galdakao, 1978) dinamizatzailea den Open sex ikastaroak gizonengan ere piztu du interesa, eta, horregatik, Sexualitatea prostatako minbizia sendatzean tailerra eman zien atzo Irizar jauregian elkartu ziren hogei bat gizonezkori, Movember Gara ekimenaren barruan.
Gizonezkoekin gutxi egiten da sexuaz; hori iruditzen zaizu?
Ahoskatzea behar dute. Ordubeteko tailerrean, prostata zer den eta hiru arazo, gaixotasun azaldu dizkiet: hiperplasia, prostitisa eta prostatako minbizia. Zoru pelbikoa hobetzeko mugimendua egiten erakutsi eta prostatako jolasez hitz egin dugu. Horrekin batera, ulertarazi nahi izan diet oso garrantzitsua dela osasun azterketa egitea. Gizonezko askok ez dituzte azterketak egiten eta ez dakite zeintzuk diren arrisku-faktoreak.
Zeintzuk dira arrisku-faktore horiek?
Adina –50 urtetik gorakoak–, diabetikoak eta sedentarismoa. Gizon euskaldunari, sinesmen heteronormatiboak dituenari, atzerakada ematen dio takatu prostatikoaren osasun azterketa egiteak. Galdakaoko eta Gurutzetako ospitaleekin egiten dut lan, eta asko kostatzen zaie horri buruz hitz egitea. Zenbait mediku kezkatuta daude, eta minbizia izan duten horiek ahalik eta ondoen sendatu nahi dute, sexu harremanak eta erekzioak izan ditzaten. Gizonezkoendako arazorik handiena sexua galtze horretan dago. Askori ez zaie axola minbizia hitza; baizik eta sexua galtzea.
Diozu gizonezkoak beldur izaten direla prostata azterketa egiteko; noiz egin beharko lukete?
Osakidetzak bidaltzen ditu azterketak egiteko gutunak, baina %10ek egiten du proba. Gizon heterosexualek ez dute nahi ipurditik ezer sartzerik –proban hatza sartzen du medikuak–. Ahultasun marka daukate eta uste dute proba eginda gizontasuna bertan behera geratzen dela.
Zer gomendio egingo zenieke zure elkarrizketa irakurtzen ari diren gizonezko horiei?
Normalizatu dezatela; prostata azterketa egiteak ez duela esan nahi gay bihurtuko direnik, edo antzerako ezer. Osasun sexuala da. Prostataren zaintza garrantzitsua da; ugalketarekin eta gernu-sistemarekin dauka zerikusia.
Movember Gararen azaroko egitaraua
Egitarauaren barruan, spinning rock saioa egingo dute gaur, Agorrosinen. Hilaren 22an, Maddik eta Irenek emanaldia egingo dute, Ventin, 18:30ean, eta gero, bertsolariak arituko dira, Pol-Polen. Azaroaren 29an, berriz, Brilet taldeak kontzertua emango du, Ventin, 18:30ean, eta 30ean, mendi buelta, bazkaria eta bibote enkantea egingo dituzte 11:30ean hasita.