Lau musika kolpe berri emateko gogotsu, danbaka jarraitzeko

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2024ko aza. 15a, 08:04

Low Cost Deluxe, Eten, K-PO eta Rebel Noise taldeak izango dira gaur taularen gainean.

Bergarako Low Cost Deluxe eta K-PO, Aretxabaletako Eten hirukotea eta Arrasateko Rebel Noise boskotea izango dira, 21:30ean hasita, Seminarixo barruan lehian, eta Arrasaten bizi den Karen Caceresek –DJ Chicabeat– girotuko du chill out gunea.

Urriaren 25ean hasita, abian da seigarren Danbaka Musika Lehiaketa. Hamasei musika proposa- men lehiatuko dira aurten eta dagoeneko lau taldek izan dute euren eskaintza erakusteko aukera –Korda Rota, Ktarsia, Sotoalde eta Malko–. Bada, gaur, egubakoitza, beste lau parte hartzaileren txanda izango da. Sarrerak leihatilan izango dira eskuragarri.

Beteranoen eta gazteen rocka

Katabatik eta Buddah Warriors taldeetan ibilitako kideek 2015ean abiarazi zuten Bergarako Low Cost Deluxe laukoteak zabalduko du bigarren gauko lehiaketa. Gaur egun, Bergarako Ander Uribesalgo eta Gorka Gonzalez bergararrek eta Arrasateko Ivan Rodrigezek eta Azkoitiko Unai Garmendiak osatzen dute taldea, eta diote "gogotsu daudela" Danbakan parte hartzeko. "Musikazaleak izan gara betidanik eta gure sormena kanporatzeko eta lagun artean gozatzeko helburuarekin elkartu ginen. Orain arte egin ditugun kontzertuak txikiak izan dira, tabernetan; beraz, gaurko bizipena zoragarria izango da; abesti berriak egin ditugu, eta aukera polita da horiek publikoarekin probatzeko".

Aretxabaletako Markel Peñakoba, Araitz Lizarriturri eta Laida Diaz gazteek hartuko diete oholtzaren gainean lekukoa. Rocka du Eten taldeak ere oinarri. "Orain dela bi urte hasi ginen kantuak konposatzen eta udan argitaratu genuen bost kantuko bilduma. Etxetik jaso dugu musikazaletasuna eta gustura jarduten dugu entsegu-lokalean. Ditugun 30 minutuak ondo zukutzen saiatuko gara, lehenengo minututik hasita, eta gozatuko dugula uste dugu", azaldu dute Eten taldekoek.

Urbanoa eta punk-rocka

Atsedenaldi txikia baten ostean, K-PO –Chadi Ayastui– izango da Seminarixoko agertokira igoko den hirugarren lehiakidea. Rapa egiten hasi zen, orain dela hiruzpalau urte, eta, hortik harago, musika urbanoaren itsaso zabalean aurkitu du tokia: "Estilo ezberdinak nahasten ditut; esaterako, housea, funk brasildarra eta reggaetona. Danbakaren bitartez nire musikarekin jende gehiagorengana heltzea da nire asmoa".

Gaurko lehiakideen zerrenda 2019an sortutako Arrasateko Rebel Noise taldeak borobilduko du. Punk-rock doinuak ditu oinarri Andoni Agirrek, Aimar Iturricastillok, Unax Iñarrak, Oihan Azkaratek eta Manex Bakerok osatzen duten boskoteak. "Etxetik eta txikitatik jaso dugu musika zaletasuna guk ere, eta hala hasi ginen entsegu-lokalean lanean eta gozatzen. Dagoeneko hainbat kontzertu egin ditugu, baina gaurkoa oso berezia izango da guretako ere. Gure onena ematen saiatuko gara, baina gogoz gaude taularen gainean izango diren beste artistak ere ezagutzeko".

Chill out gunean, 'Chicabeat'

Seminarixo kanpoan, 20:00etan hasita, DJ Chicabeat –Karen Caceres– izango da protagonista. "Musikazale amorratua da, eta, besteak beste, punk, new wave, rock-and-roll, reggae eta ska doinuen artean mugitzen da. Eta ahaztu barik bertan izango dela gaur ere Sanprubusa", gaineratu du Danbakako koordinatzaile Jokin Bereziartuak.

Publikoaren saria

Danbaka.eus webgunean edo Goiena.eus atarian Danbaka izeneko kanalean eman daiteke botoa, 2025eko urtarrilaren 14ra bitartean.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak