Trena joskintza-tailer bihurtuko dute domekan

Sara Lanz 2024ko aza. 8a, 16:00

Josteko zaletasuna duten guztiak gonbidatuta daude Donostia eta Bilbo artean egingo den tren bidaia batean parte hartzera. Trena 09:50ean irtengo da, Donostiako Amaratik. Bergarako Maribel Carazok antolatu du ekimena

Donostiatik Bilbora trenez egingo den topaketa batean parte hartzera gonbidatuta daude ehungintza-zale guztiak: azaroaren 10erako, tren bidaia berezi bat antolatu du Bergarako Black3 Bordados dendako Maribel Carazok. Ez da lehenengo aldia. Irail amaieran egin zuten beste bat, eta, emaitzarekin pozik, errepikatzea erabaki dute. Bergarako tailerreko dozena bat lagun inguruk hartuko dute parte eta Eibarko Ardantza geltokian hartuko dute trena, 11:13an. Laugarren bagoian bidaiatuko dute, eta asmoa da puntuan eta kakorratz lanetan aritzea. Nahiko lukete trenak ibilbidean egiten dituen geltokietan ehungile gehiago igotzea. Elkarrekin egin nahi dute bidaia, elkar ezagutzeko eta zaletasun horri ikusgarritasun handiagoa emateko.

Bergarako taldeak hilero antolatzen ditu antzerako topaketak, eta euren asmoa da domekako tren bidaiaren ostean kafe bat hartzea Bilbon, eta bertako artisautza-azoka batera joango dira. Beste topaketa berezi batzuk ere iragarri dituzte; hurrengo elkarretaratzea urtarrilean izango da, orain egingo dutenaren kontrako noranzkoan, Bilbotik Donostiara.

Aurreko elkarretaratzeak

"Ez da horrelako elkarretaratze bat antolatzen dugun lehen aldia; irailean, Legazpin trena hartu eta Donostiaraino kakorratza eta puntua eginez egin genuen bidaia", azaldu du Carazok. "Bideo bat ikusi nuen Instagramen, eta inspiratu egin ninduen trenean josteko batzearen ideiak". Jendearen erantzuna pozez gogoratzen du Carazok: "Askok gu ikustean amonaz gogoratzen zirela esaten zuten; gizon bat hunkitu ere egin zen". Joskintza bizirik mantentzeko modu bat ere badela gaineratu du. Hala ere, ez sexurik ez adinik ez duen jarduera bat dela azpimarratu du. Urriaren 26rako, gosari bat antolatu zuten Elgetako Janela tabernan. Kasu hartan ere, kakorratzak eskuetan. Horrelako elkarretaratzeetan su inguruan egotean sentitzen den berotasun hori sentitzen duela dio: "Babestua eta maitatua sentitzen zara".

Jostea baino gehiago

Ehungintza oso zabalduta dagoen zaletasuna dela dio Carazok, baina nork bere etxean eta bakarrik egiten dela, gehienetan. "Oso ona da estresa gutxitzeko eta denbora pasatzen laguntzeko. Sozializatzen ere laguntzen du, ordea. Gu astero elkartzen gara, eta gure zaletasun bera duten beste ehungile batzuk ezagutu nahi ditugu". Gonbidapena, beraz, egina dago: domekan, Eusko Treneko laugarren bagoian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak