Antxintxika egiteko elkartu dira, bideaz gozatzea helburu

Jokin Bereziartua Lizarazu 2024ko aza. 8a, 12:16

Azaroaren 3an egindako bigarren irteeran 28 emakume elkartu ziren; hurrengoa azaroaren 17an egingo dute. Argazkia: Hankaluze Trail.

Hankaluze Trail taldeko Maria Sanchez korrikalariak gidatuta eta Bergarako Udalaren laguntzarekin, herriko emakume talde bat antxintxika egiteko elkartzen hasi da, eta batzuk dagoeneko animatu dira San Silvestre Trail proban izena ematera; ateak zabalik dituzte, "erabat".

2014an hasi zen lasterketetan parte hartzen Hankaluze Trail taldeko Maria Sanchez (Bergara, 1992), eta, ordutik, ia etenik barik hartu du parte askotariko probetan. Sanchezen arabera, badira Bergaran hainbat emakume lasterketetan parte hartzera animatuko liratekeenak baina "lotsagatik edo beste arrazoi batzuengatik" izenik ez dutenik eman orain arte.

Hain zuzen ere, Udalaren deia jaso zuten Hankaluze Trailen egoera horri buelta ematen saiatzeko, eta Sanchezek hartu zuen gidaritza: "Emakumea trail munduan ere ikusarazi nahi dugu. Gertatu ohi da emakumeok nahi dugula antxintxika hasi, baina lotsagatik, bideak ezagutzen ez ditugulako edo beste motibo batzuengatik ez garela animatzen. Ni gizonezkoz inguratuta hasi nintzen, gustura. Helburua hori da, lotsak alboratzea eta lasterketetan parte hartzeko ere herriko emakumeak ahalduntzea".

Taldera batzeko, palmondoaren biribilgunera joan behar da azaroaren 17an (09:30)

San Silvestre, "aitzakia" bat

Abenduaren 31ko San Silvestre Trail proba "aitzakia bat" da, Sanchezen arabera: "San Silvestre Trail proba aitzakia bat da prestaketak hasteko. Oraingoz, bi saio egin ditugu, bi asteburutan jarraian, eta oso ondo joan dira. Lehen entrenamenduan hamazortzi emakume elkartu ginen hamar kilometro egiteko eta bigarrenean 28 elkartu ginen 14 bat kilometro egiteko; Itxumendiko tontorra egin genuen bigarren irteeran, helburua ere badelako herri inguruan ditugun bideak eta parajeak ezagutzea. Maila ezberdinak daude taldean, baina denok batera joaten gara; hau da, aldez aurretik zehaztutako toki batera nor bere erritmoan doa, baina leku horretara heldutakoan geratu, eta atzetik datozenei itxaron egiten diegu. Helburua da denok batera egitea ibilbidearen zati handiena".

Sanchez eta Udaleko ordezkariak pozik daude ekimenak jaso duen erantzunarekin. "Whatsappeko talde bat ere sortu dugu; ea lortzen dugun gure laguntza barik ere taldetxoa bere kabuz irtetea korrika egitera. Abenduaren 31ra bitartean guztira bost saio egingo ditugu eta dagoeneko badira batzuk izena eman dutenak. Pozik gaude", gaineratu du Sanchezek. Azaroaren 17rako egin dute hurrengo hitzordua, eta egun horretan bertan erabakiko dute hurrengo irteera noiz egin: "Domeketan elkartuko gara, taldean badirelako herriko dendetan lan egiten dutenak eta zapatuan lan egiten dutelako". Taldearekin bat egin nahi duenak azaroaren 17an Ibargaraiko Palmondoko biribilgunearen ondora joan beharko du, 09:30ean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak