Azarorako ere hainbat ekintza antolatu ditu Bergarako San Joxepe jubilatuen elkarteak. Urtero bezala, gaur ospatuko dute Gaztainerre Eguna eta 50 kilo gaztaina erre banatuko dituzte kideen artean.
Azaroaren 8an, 15ean eta 29an, berriz Agijupens-ek, jubilatu zentroen federazioak, antolatu duen abesbatza topaketa egingo dute Mutrikun eta San Joxepekoa han izango da hilaren 15eko emanaldian. Hamabi taldek hartuko dute parte eta San Joxepetik adierazi dute musikarekin lotutako jarduerak "oso komenigarriak" eta "sustatu beharrekoak" direla.
Lizarrara irteera
Azaroaren 14an Lizarrara egingo dute txangoa Bergarako erretiratuek. 08:30ean elkartuko dira Ibargaraiko autobus geltoki nagusian eta hamarretakoa egingo dute Lizarrara heltzean. Ondoren, aukeratu egin beharko da azoka edo Morapio upategia bisitatu. Iratxe jatetxean bazkalduko dute eta 18:30 aldera hartuko dute bueltako autobusa. Izen emateko epea itxita dago.
Hilaren 18an eta 25ean hitzaldia
Azken urteetan izan zuen arrakasta ikusita, aurten ere azken borondateen dokumentuari buruzko tailerra antolatu dute Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkartearekin elkarlanean. Tailerrak bi saio izango ditu eta biak San Joxeperen egoitzan izango dira 18:30etik aurrera. Dokumentua osatzearen helburuak nahiz zalantzak azalduko dira lehenengo egunean. Bigarrenean, berriz, dokumentua osatzen hasiko dira.
Aurrez, ordea, izena eman beharko da San Joxepeko harreran azaroaren 15a baino lehen.