Omenaldi musikala Gonzalez sagari Bilbon

Sara Lanz 2024ko aza. 1a, 11:00

Jose Maria Gonzalez Bastida, Miguel Gonzalez Bastida eta Alfredo Gonzalez Chirlaque.

Bilboko Udal Musika Bandak azaroaren 8an emango du 'Hurbileko omenaldiak' kontzertua, Juan Crisostomo Arriaga Kontserbatorioan. Emanaldi berezi horretan Bergarako musikari-saga ezagun bati egingo diote aitortza: Gonzalez familiari

Azaroaren 8an, Bilboko Udal Musika Bandak kontzertu berezia emango du Juan Crisostomo de Arriaga Kontserbatorioan: bertako konpositoreek eta Euskal Herriko beste zenbait sortzailek sortutako obrak interpretatuko ditu. Bergarako Gonzalez familia ospetsuko musikagileen ondarea omenduko dute emanaldi horretan, eta, Iñaki Urkizuren zuzendaritzapean, euskal musikari-sagari eskainitako kontzertua aurkeztuko dute. Bergarako laugarren belaunaldiko kide eta familia horretako partaide Alfredo Gonzalez Chirlaquek azaldu duenez, "familia osoak harrotasunez bizi du musikarien ibilbidea; ohore handia da gure obrak berriro taularatzea. Gainera, Bilboko banda profesional batek interpretatuko duela jakiteak sekulako emozioa eragiten digu".

Familiaren ibilbide luzea

Alfredo Gonzalezek ezagutarazi duenez, familiaren historian konpositore ugari izan dira, eta denek dute euren ekarpena euskal musikaren esparruan: “Ohitura honek Joxe Gonzalezekin izan zuen hasiera, eta ondoren, Ignacio, Miguel eta ni neu ibili gara, eta orain, nire alaba Patrizia Gonzalez dabil. Eta ez da erraza bost belaunaldik musikaren munduan bat egitea”.

Obren esanahia eta arima

Bilboko Udal Musika Bandaren kontzertuan Gonzalez familiaren hainbat lan entzuteko aukera egongo da; obra bakoitzak hainbat helduleku ditu: Euskal Herriaren, Bergararen zein familiaren istorioak dituzte oinarri, hain zuzen ere. Euskal Herriko paisaiari erreferentzia egiten dioten piezak izango dira kontzertuan, hala nola Mendia eta itsasoa eta Fuenterrabia-Hondarribi. Baita hainbat zortziko eta poema sinfoniko; tartean, Lorea, Miguel Gonzalez Bastidak iloba tragikoki galduari eskainitako obra. Gainera, Lokatza Bergarako Lokatza txirrindularitza taldeari eskainitako obra ezaguna ere interpretatuko dute.

Esker onak

Bilboko Udal Musika Bandak euskal konpositoreei eskainitako kontzertu horrek, bandaren 130. urteurreneko ospakizunen parte izanik, euskal musika eta sortzaileek kultura-esparruan duten balio handia adierazi nahi du, Alfredo Gonzalez Chirlaquek hori nabarmendu du: "Musika-ondareak denboraren joanean gure artean jarraitzea benetan eskertzekoa da, eta Bilboko Udal Musika Bandak familia honi eskainitako omenaldia sekulako aitortza da guretzat".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak