Duela bi urteko ohiturari jarraituz, kontzertuak hasi aurretik ere gerturatu zen jendea Seminarixo kanpoaldera, izan ere, Aretxabaletako DJ Joe Piemanek izan zuen ilunkera girotzeko ardura. Kontzertuen hasiera gerturatu ahala, poliki-poliki hasi ziren ikuslean Seminarixora sartzen, eta hasierak hotzak izaten badira ere, Korda Rota talde arrasatearra arduratu zen, euren rock doinuekin, izotza apurtzeaz. Bergarako bi talde ere igo ziren euren herriko aretoko oholtzara, Ktarsiak rock eta pop doinu goxoagoekin kantuan jarri zituen ikusleak, eta atsedenaldiaren ostean, Sotoaldek hartu zien euren herritarrei testigua, Seminarixoa dantzan jartzeko hainbat estilo batzen dituen musika urbanoarekin. Emanaldia borobiltzeko Oñatiko Malko taldea igo zen oholtzara, eta euren diskoko abestiak kantatu eta dantzatu zituzten ikusleekin batera.
Askorako eman du Danbakako lehenengo kontzertu-sortak, eta oraindik beste hiru saio jasoko ditu Seminarixoak. Azaroaren 15ean izango da hurrengoa, eta Eten, Low Cost Deluxe, K-PO eta Rebel Noise taldeak igoko dira oholtzara euren lanak debagoiendarrei erakusteko asmoz.