San Joxepe elkarteak urri hasieran ekin zion 2024ko Kulturaldiari eta azken txanpan da. Dantza topaketa, bisita gidatuak Laboratorium Museora, Aranzadi, Mariaren Lagundia eta San Martineko ikasleen bisita, Bergarako gazte ikerlarien hitzaldia, abesbatzen kontzertuak, Emma Ocanicaren Oroimena eta ahazteak hitzaldia, eta irteera Martzilla... horiek guztiak izan dituzte.
Atzo, berriz, bingo musikatua egin zuten elkartean bertan. Hogei bat lagun elkartu ziren eta musika tarteko zenbaki dantzan ibili ziren. Bingoan irabazteko zorteak alde behar du eta hori gertatu zen atzokoan ere. Gustura ibili ziren parte-hartzaileak.
Bihar bazkaria
Bihar, domeka, Kulturaldiari agur esateko bazkaria, musika eta dantzaldia izango dituzte San Joxepe elkartean.
Urriaren 31n, berriz, Gau Beltza dela-eta, San Joxepeko kideek Jardunekoekin batera txokolatea prestatuko dute San Martin plazan, 18:00etatik aurrera.