Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Departamentuari atxikitakoa organismo autonomoa da Kabia eta Arrasaten, Bergaran eta Oñatin ditu egoitzak, besteak beste. Euskararen aurkako epaia ikusirik, Euskalgintzaren Kontseiluak, ELAk eta LABek elkarretaratzea deitu dute astelehenerako, eta Donostiako Gipuzkoa Plazan egingo dute, 11:00etan hasita. Bergaran ere epaia salatuko dute, 19:00etan, San Martin Plazan, Jardunek eta Udalak deituta.
Nabarmendu dutenez, "kezkagarria eta larria" da "geroz eta bortitzagoa den oldarraldi judizialaren" baitako sententzia hau, "milaka herritarren hizkuntza-eskubideak, hizkuntza berdintasunera bidean egindako lana, eta, azken buruan, herri borondatearen isla den jardun normalizatzailea kolokan jartzen dituelako".
Kasu hau, gainera, "bereziki larria" da, haien esanetan, egoera zaurgarrian dauden herritarren eskubideak direlako kasu honetan urratuko direnak, Kabiako adineko eta menpekotasun egoeran dauden erabiltzaileenak. "Erabiltzaileen eskubideez gain, langile askoren bizi jardunak dira epai honek urratu dituenak".
Era berean, deitzaileek "babes osoa" adieraz diote Kabiari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari, "sententzia euskarafobo, erreakzionario eta atzerakoi honen aurrean helegitea jarri eta prozesua azken bururaino eramateko".