Txiri Fest jaialdia: lagunekin eta lagunentzat, kartzela zaharra bete

Jokin Bereziartua Lizarazu 2024ko urr. 25a, 09:47

Aretxabaletako Kaparrak izango da Txiri Festeko taldeetako bat; irudian, Arrasateko gaztetxeko kontzertu baten amaiera.

Txiri Fest jaialdia egingo dute bihar kartzela zaharrean, honako talde hauekin: Sotoalde (Bergara), Etxepe (Arrasate), Kaparrak (Aretxabaleta) eta Estutu (Elorrio). Sarrera guztiak agortuta daude; ateak 21:00etan irekiko dituzte eta kontzertuak 21:30ean hasiko dira.

Sarrera guztiak agortuta daude bihar, urriak 26, kartzela zaharrean egingo den Txiri Fest jaialdirako –ate irekiera, 21:00etan; kontzertuak, 21:30ean– . Joan den eguenean jarri ziren salgai eta guztiak agortu ziren di-da batean. Zuzeneko musika izango da protagonista, eta hainbat estilo oholtza gainean: anfitrioi arituko den Bergarako Sotoalde –bezperan Danbakan joko dute, Seminarixoan; ikus 34. orria–, Arrasateko Etxepe, Aretxabaletako Kaparrak eta Elorrioko Estutu. Sotoaldek eta Etxepek musika urbanoa egiten dute, Kaparrak rumbaren bueltan mugitzen da eta Estutuk punk-oi! doinuak eskainiko ditu. Ondoren, DJak egongo dira.

Kartzela zaharra bete aurten ere

2022a ezkero urtero egin dute, eta urtero bete izan dute gaztetxea; The Txiripot Crew izenez ezaguna den kuadrillak antolatzen du jaialdi berezia, Sotoaldeko Mikel Montielek zehaztu duenez: "Herriko kuadrilla batek antolatzen dugun jaialdia da, herriko kultura eskaintzari ekarpen txiki bat emateko sortua. Gazteok elkartu eta ondo pasatzea da helburua. Ez dugu izan estilorik buruan jaialdia antolatzeko orduan; azken finean, modu batera edo bestera, kuadrillako lagunak dira parte hartzen duten taldeak. Are gehiago, esan daiteke aurten bereziki taldeak eurak izan direla euren burua gonbidatu dutenak. Izan ere, askotariko musika entzuten dugu gehienok, eta, horregatik, gustu guztiendako Txiri Festak antolatu izan ditugu".

The Txiripot Crew kuadrillak antolatu du festa; urtero jende asko erakartzen dute

Jaialdiko ordena zein izango den galdetuta, honako hau dio Sotoaldeko kideak: "Ordena zehaztuta dago, baina ez dugu zein den esango; jendea etor dadila hasieratik bere gustuko taldea ikusi nahi badu!".

Lehen Txiri Festa antolatu zutenetik hobetzen eta handitzen doan jaialdia dela dio Montielek: "Aurtengoaz ez dugu gozatu oraindik eta hasita gaude 2025ekoan pentsatzen. Ideia batzuk irten dira dagoeneko; ikusiko dugu. Akaso, kartzela zaharra txiki geratuko zaigu...".

Sotoaldek asteburu mugitua

Asteburu mugitua bezain berezia biziko du Sotoaldek: "Bi kontzertu emango ditugu asteburuan; ez da ohikoena. Berezia izango da Danbakagatik, batez ere, beste formatu batean parte hartzeko aukera handia delako. Txiri Festerako ere egongo da tentsio puntua jende asko egongo delako eta dena ondo irtetea nahi dugulako, baina kartzela zaharrean gozatzea izango da helburua".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak