Badator Domu Santu Eguna, eta, ondorioz, Gau Beltzeko ospakizunak ere bai. Eguna iritsi aurretik, ordea, Jardun Euskara Elkarteak hainbat egitasmo berri jarri ditu martxan. Horietako bat da Ndank Ndank elkartearekin eta Bergarako Musika Eskolarekin elkarlanean sortutako tribial jolasa. Gau Beltzari eta hiru eragileei lotutako hamabost galderako lehiaketa prestatu dute.
Domeka izango da parte hartzeko azken eguna. "Berbalagunekin egin genuen tribial jolasa, eta ideia ona iruditu zaigu Gau Beltzerako ere egitea, gaia herrian zabaltzeko. Saria baino garrantzitsuagoa da Gau Beltza indartzea", azaldu dute Jardunetik. Herritar guztiei zuzenduta dago eta gutxienez hamabi galdera zuzen erantzuten dituztenen artean sariak zozkatuko dituzte urriaren 29an. Sari-banaketa urriaren 30ean izango da, 17:30 aldera, Oxirondo azokan, Eguaztenak Oxirondon dinamikaren aurretik –gaztaina-jana egingo dute, Gau Beltzari lotuta–.
Gau Beltzaren bueltako mikroipuin lehiaketa ere antolatu du Jardunek, eta hilaren 20ra arte egon da parte hartzeko aukera. Lehiaketa horrekin, gaia lantzeaz gain, euskaraz idazteko ohitura hartzea bultzatu nahi izan du: "Euskaraz labur idazteko aitzakiarekin jarri dugu martxan; euskarazko idazmena bultzatzeko helburuarekin".
Bestalde, gaur, 17:00etan, plazan kalabaza hustea eta mozorroak egiteko tailerra egingo dituzte. Norberak eraman behar ditu kalabazak eta izara zaharrak.
Ospakizunetan fanfarrea
Hilaren 31n ospatuko da Gau Beltza, eta Jardunek, Bergarako Udalak, San Joxepe elkarteak, Bedelkarrek, Bergarako Musika Eskolak eta Ugutz Toursek antolatu dute egitaraua. 17:00etan hasita, Xanduli, manduli... gozoki banaketa egingo dute Bedelkarreko dendetan, eta 18:00etan San Martin plazan txokolate-jana egingo dute San Joxeperen eta Jardunen eskutik. Hala, 18:15ean hasiko da Musika Eskolako ikasleek girotutako dantza, kantu eta kalejira. Azken urteetan bezala, Bautista Legenarduna Bergaran izango da eta bisita gidatua egingo du, 21:30ean euskaraz eta 23:00 gaztelaniaz. Jardunek mozorrotzeko dei egin du.
Aidaun ere ekintzak
Misterio jolasak egingo dituzte LH-3 eta LH-6 arteko gazteek Aidaun. Gainera, iaz bezala, Osintxun eta Angiozarren gozoki eskea egingo dute eguenean.