Mikel Garagorri bergararra, debutean garaile

Txomin Madina Milikua 2024ko urr. 20a, 11:43

Atzo iluntzean hamar borrokaldiz osatutako jaialdia hartu zuen Bergarako Labegaraieta kiroldegiak. Mikel Garagorri bergararrak debuta egin zuen, baita garaipena erdietsi ere.

700 zale inguru erakarri zituen atzo iluntzean Soraboxek antolatuta Bergarako Labegaraieta kiroldegian egin zuten boxeo jaialdiak. Hasiera batean, bi ziren ringera igo behar ziren bergararrak: Andoni Kortabarria eta Mikel Garagorri. Lehenak baina, ezin izan zuen borrokatu azken orduko lesio bat dela eta. "Pena handiz nago. Infekzio baten ondorioz atzo konkor bat kendu behar izan zidaten", azaldu zuen gainerakoen borrokaldiak ikusi bitartean. Lesioaren larritasunaz galdetuta, oraindik ere ikusteke dagoela gaineratu zuen, baita lau aldekora igotzeko gogoz dagoela ere: "Gustatuko litzaidake oraintxe hor goian egotea!".

Debuta egin zuena, eta garaipenarekin, gainera, Mikel Garagorri izan zen. Manex izan zuen aurkari 69 kiloko kategorian, eta borrokaldian zehar uneoro eta ozen animatu zuten lagunen babesa izan zuen bergararrak. "Sakrifizioarekin eta esfortzuarekin, dena ateratzen da", azaldu zuen Garagorrik pozarren borrokaldiaren ostean. "Lehenengo round-ean egindako mugimendu bat izan da nire ustez garaipenaren gakoa, baita gero ondo babestu naizela ere, besteari puntuak egitea eragotziz", gaineratu zuen , animatu zuten guztiei eskerrak emateaz batera. 21 urteko gaztea Madrilen ari da unibertsitate ikasketak egiten eta lehentasuna hori dela esan arren, boxeoan jarraitzeko asmoa ere adierazi zuen.

Jaialdi "arrakastatsua"

"Hamar borrokaldiak oso parekatuak izan dira, nahiz eta niretzat onena azkena izan den, Julen Gallastegik Victor Mendietari irabazi diona. Baina orokorrean ondo joan dira denak", esan zuen jaialdia amaitutakoak Soraboxeko Ixa Rodriguezek.

Bergaran antolatu duen hirugarren jaialdia izan zen atzoko, Labegaraietan egindako lehena, eta lekuarekin ere gustura zegoela ere gaineratu zuen. Andoni Kortabarria eta Mikel Garagorri, biak dira Sorabox taldekoak, eta lehena indartsu itzuliko dela argi duela esan ostean, Garagorriren lana ere goraipatu zuen Rodriguezek: "Azken round-ean haize apur bat falta izan zaio, baina ondo aritu da". Jaialdia bera oso arrakastatsua izan zela ere gaineratu zuen, eta hirugarrenaren ostean, laugarren bat ere etorriko dela iragarri.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak