Burujabetza eta politika antineoliberalak dira, hain justu, EH Bilduren ponentzia politikoko bi ardatz nagusienetakoak, Arnaldo Otegiren hitzetan: "Bi konstatazio egiten ditugu, eta alternatiba bat aurkeztu. Lehena da Euskal Herriak burujabetzaren bidea egin behar duela, eta nazio bezala errespetatua izan behar dela; bigarrena, porrot egin dutela politika neoliberalek"; eta horrenbestez, erantsi du "estatus politikoan pausoak eman eta administrazioek politika antineoliberalak egin" behar dituztela: "Merkatuan esku-hartu behar da, eta administrazioak esku-hartu behar du".
Bi ardatzak zehaztuta, bada, azpimarratu du "Euskal Herrian hirugarren transformazio nazionala martxan jartzea" dela proposamena: "Mailakatua izan behar da prozesua, eta herrialdea banatuta dagoen hiru administrazio-eremuak errespetatuko ditu; akordio handietan oinarrituta egin behar da. Herrialdeak jauzi bat egin behar du bere onarpen nazionalean". Horrez gain, erantsi du "transformazioaren" bigarren ideia dela "Euskal Herrian ezin dela politika antineoliberalik egin burujabetzarik ez badago", eta Euskal Herriko arazoak Euskal Herrian konpondu behar direla.